Langile bat silikosiaz gaixotu izanaren erantzukizuna Marmoles Aztiria eta Goaz Lanak enpresena dela ebatzi du epaileak

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 26a, 18:01

Langileak 20 urtean baino gehiagoan jardun zuen kuartzozko aglomeratuak babes neurririk gabe manipulatzen, eta horrela gaixotu zen. Gizarte Segurantzak ezintasun iraunkor osoa aitortu zion, eta horren araberako pentsio jarri. Orain, zenbateko horri %40ko gehigarria erantsi beharko diote Azpeitiko bi enpresek, epailearen aginduz.

Donostiako Lan Arloko lehen Epaitegiak Marmoles Aztiria eta Goaz Lanak enpresak zigortu ditu. Laneko arriskuei aurrea hartzeko beharrezko neurriak hartu ez zituztelako, langile batek silikosia harrapatu izanaren erantzukizuna egotzi die epaileak. Langileari eman beharko dioten kalte ordaina ere zehaztu du: Gizarte Segurantzak ordaintzen dion pentsioari %40ko gehiagarria erantsi beharko diote Azpeitiko bi enpresek.

Langilea 1993an hasi zen Marmoles Aztiria eta Goaz Lanak enpresetan langilean, 20 urtean baino gehiagoan jardun zuen kuartzozko aglomeratuak babes neurririk gabe manipulatzen, eta silikosiaz gaixotu zen. Silikosia laneko gaixotasuna da, arnas aparatuari eragiten dio, eta kuartzo hautsa arnasteak eragiten du. Batez ere, meatzarien, harri zulatzaileen, harginen eta harrobietako langileen gaitza da.

Langileari silikosia diagnostikatu ziotenean, ezintasun iraunkor osoa aitortu zion Gizarte Segurantzak, eta horren araberako pentsioa ordaintzen dio hilero. Garai hartan, Lan Ikuskaritzak egin zuen ikerketa, eta ebatzi zuten enpresek ez zutela erantzukizunik. Halaxe esan zuen Gizarte Segurantzak ere, enpresen jokabidean inolako arau hausterik ez zela izan.

Gaurko ebazpenean, ordea, kontrakoa dio Lan Arloko lehen Epaitegiaren arduradunak. Hainbat neurketa eginda eta horien emaitzak aztertuta, ondorioztatu du lanpostu horretan "higiene arriskua dagoela eta eragindakoaren lanpostuan ingurumen kutsatzaileak". Epaiaren arabera, "2004an egindako neurketarekin agerian geratu zen onartutako muga balioak gainditu egiten zirela, eta, hala ere, sei urte igaro arte ez zuten beste neurketarik egin. 2006ko ebaluazioan jaso zen urtero higiene neurketak egiteko agindua". Aipatzen du, halaber, 2014. urtera arte langileari ez ziotela eman silize hautsaren eraginpean egoteak zituen arriskuei buruzko prestakuntzarik edo informaziorik, nahiz eta Osalanek, 2011n, kuartzozko aglomeratu lanetarako osasuna zaintzeko protokolo bat argitaratu zuen.

ELAk laneko istripuen aurkako borrokan duen "konpromiso irmoa" berretsi du, "ezin baita asmoen adierazpenetara edo eraginkortasunik gabeko marketin kanpainetara mugatu". Adierazi duenez, "atzeraezina da administrazio publikoek eta ugazaben elkarteek lan osasuna beren agenda estrategikoan kokatzea, kasu honetan, silize hautsaren eraginpean egotearekin lotutako arriskuen aurkako borroka, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko lege aginduak modu eraginkorrean eta ez soilik eraginkorrean betez".