Astelehenean itzuliko dira plazara Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 27a, 10:00

Plataformako kideek, osasun egoera kezkagarria tarteko, pentsio duinak aldarrikatzeko protestak eten zituzten. Orain, egoerak zertxobait hobera egin duela ikusita, elkarretaratzeei berrerkingo diote astelehenetik hasita. Ohi bezala, 12:00etan jarri dute hitzordua plazan. Larunbatean Donostian izango den manistaziora joateko deia ere egin dute. 

Iazko urritik ez dira entzun pentsio, osasun eta zerbitzu publiko duinen aldeko aldarriak Azpeitiko plazan; izan ere, urrian utzi zituzten bertan behera astelehenetako protestak Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideek, sasoi hartan zegoen osasun egoera tarteko. Hilabete luzez aldarriak plazara atera gabe egon ostean, astelehenean, hilak 31, ekingo diote berriro elkarretaratzeei. Ohiko lekuan eta orduan jarri dute hitzordua: 12:00etan, plazan.

"Pandemiaren egoerak onera egin du zertxobait, baina aldarrikapenekin jarraitu beharra dugu, gure eskubideak  atzera egin ez dezaten", diote plataformako kideek. Horregatik, Gipuzkoako beste hainbat eta hainbat herritan bezala, "lehengo martxari" helduko diote berriro Azpeitiko pentsiodunek. Argi dute: "Gure mobilizazioekin lortu dugunari eutsi behar diogu.  Ezin ditugu onartu egin nahi dizkiguten murrizketak. Gure borrokak aurrera jarraitu behar du". Horregatik, herritarrei dei egin diete astelehenetako kontzentrazioetara batu daitezen. "Denon indarra behar dugu; adinekoena, gazteena eta helduena. Denon batasunarekin lortuko dugu".

Larunbatean, Donostiara

Astelehenetako elkarretaratzeen berri eman ez ezik, larunbatean, maiatzak 29, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako manifestazioetara joateko deia egin dute Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideek. Bertan, pentsio publiko duinak aldarrikatu eta Toledoko Itunaren murrizketak gaitzetsiko dituzte. Gipuzkoako manifestazioa Donostian egingo dute, 17:00etan hasita, Alderdi Ederretik. Azpeitiko plataformako kideak bertan izango dira, eta herritik "jende multzo ederra" joatea nahi dute. Garraio publikoan joango dira manifestaziora. "Pandemiaren egoerak eskatzen duen bezala, hartu beharreko neurriak hartuko ditugu elkartzen garen tokietan, elkar zaindu beharrean gara eta", adierazi dute.