Zabalik dago udaleku irekietan izena emateko epea

Julene Frantzesena 2021ko mai. 25a, 18:14
2019ko udalekuetako irudia.

Hilaren 31ra arte egongo da izena emateko aukera, eta aurten, online egin beharko da izen-ematea, udalaren Azpeitia.eus webgunearen bidez. Udaleku irekiak ekainaren 21etik uztailaren 16ra izango dira.

Dagoeneko zabaldu dute udako udaleku irekietan izena emateko epea. Hilaren 31ra arte egongo da horretarako aukera, eta aurten, egoerak bultzatuta, online egin beharko da izen-ematea udalaren Azpeitia.eus webgunearen bidez. Dena den, Gazte Informazio Bulegora joanda (Sindikatu Zaharreko lehenengo solairua) edo 943-15 71 60 ala 943-15 71 61 telefonoetara deituta eskainiko dute edozein zalantza argitzeko laguntza.

Aurtengo udaleku irekiak ekainaren 21etik uztailaren 16ra izango dira, eta Haur Hezkuntzako 2 mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko umeek izango dute horietan parte hartzeko aukera. Ikastetxeen bidez banatu dute udalekuen gaineko informazioa aurtengoan.