Eskuzko emakume pilotarien Ados Pilota kluba sortu dute, eta tartean da Oihana Orbegozo

Anartz Izagirre 2021ko mai. 25a, 10:02
Oihana Orbegozo (eskuinean) partida batean.

Klub profesionala sortu dute hainbat emakume pilotarik, besteak beste, txapelketa gehiago jokatu ahal izateko, lan baldintzak hobetzeko eta beren buruaren jabe izateko. Ekainaren 4an hasiko da Plazaz Plaza lehen txapelketa, Leitzan (Nafarroa), eta klubeko profesionalen artean dago Oihana Orbegozo azpeitiarra.

Eskuzko emakume pilotariek Ados Pilota izeneko lehen klub profesionala sortu dute. Atzo, astelehena, egin zuten klubaren aurkezpena Leitzan (Nafarroa), eta Ados Pilotako kirolarien artean dago Oihana Orbegozo azpeitiarra, baita eskualdeko beste bi pilotari ere: Naroa Agirre arroarra eta Eneritz Arrieta azkoitiarra. Horiez gain, honako kirolari hauek izan ziren atzoko aurkezpenean: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste, Naroa Elizalde, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai.

Hainbat izan dira kluba sortzearen arrazoiak; besteak beste, txapelketa gehiago jokatu ahal izateko, pilotariek lan baldintzak hobetzeko eta beren buruaren jabe izateko sortu dute Ados Pilota. Plazaz Plaza izeneko lehen txapelketaren berri ere eman zuten aurkezpenean; hain zuzen ere, ekainaren 4an hasiko da norgehiagoka Leitzan (Nafarroa), eta abuztuaren 14a bitartean hamahiru jardunaldi eta hamazazpi partida jokatuko dituzte pilotariek —horietatik gehienak Euskal Herrian izango dira, baina Kataluniaren ere jokatuko dituzte zenbait partida, Bartzelonan—.

Bestalde, klubaren beste ardatzetako bat emakumezko pilotari gazteen trebaketa izango da, eta formazio arloko hiru pilotari arituko dira profesionalekin lehian Plazaz Plaza txapelketan: Ane Mendiburu, Laia Salsamendi eta Uxue Oses. Hainbat erakunderen laguntza ez ezik, Lacturale eta Ibaisek enpresen nahiz babesle pribatuen laguntza ere izan dute pilotariek Ados Pilota sortzeko. Horrez gain, harremanetan jarri dira Nafarroako eta Euskadiko pilota federazioekin ere.