Egiguren V.arentzat izan da azpeitiarren arteko lehia

Julene Frantzesena 2021ko mai. 22a, 09:39
Egiguren V.a atzoko partidan. (Aspe)

Atzo hasi zen Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa, eta Alberdik eta Egiguren V.ak elkarren aurka neurtu zituzten indarrak. Egigurenek irabazi zuen partida, 22 eta 17, eta beraz, finalerdietan izango da azpeitiarra.

Atzo, ostiralarekin, hasi zen Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa, eta Alberdik eta Egiguren V.ak elkarren aurka neurtu zituzten indarrak Idiazabalgo pilotalekuan. Final laurdenetako norgehiagoka izan zen atzokoa, eta bi pilotariak gogotik saiatu ziren hurrengo faserako txartela eskuratzen.

Partidaren hasieran aurretik izan zen Alberdi –1 eta 5–, baina Egigurenek jakin zuen neurketari buelta ematen. Gehiago asmatu zuen Egigurenek, nahiz eta Alberdi ere saiatu eta arriskatu zen behin baino gehiagotan. 22 eta 17 bukatu zen norgehiagoka, eta atzoko partida irabazita, Egiguren V.a finalerdietan ariko da; Alberdi, berriz, txapelketatik kanpo gelditu da.

Datorren astean erabakiko da Egigurenek zein pilotari izango duen aurkari finalerdietan; izan ere, Elordiren eta Erasunen arteko partidaren irabazlea igaroko da hurrengo fasera. Bi aste barru jokatuko dute Egiguren V.ak eta datorren asteko partidaren garaileak finalerdietako norgehiagoka, eta irabazlea ekainaren 5eko finalean izango da.