Alain Sorazu: "Informazioa errazago ulertzen da, lehenago barneratzen da, irudiz lagunduta bada"

Julene Frantzesena 2021ko mai. 20a, 09:35
Alain Sorazu.

Alain Sorazuren (Azpeitia, 1997) Cuculus canorus lanak aipamen berezia jaso du Malagako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko ilustrazio zientifikoen lehiaketan. Zientziaren eta biologiaren munduak atsegin ditu, eta batez ere, dibulgazioa. Zientzian irudiek duten garrantziaz aritu da solasean.

Gustura al zaude jasotako aipamenarekin?

Zalantzarik gabe. Ezustean harrapatu nau egia esan. Ilustrazio lan bat lehiaketa batera aurkezten nuen bigarren aldia zen, eta, lan bat bidaltzen den momentutik hautatua izateko esperantza izpiren bat beti dagoen arren, ez zen inolaz ere helburua. Edozein kasutan, beti da pozgarria egindako lana saritzea edo aitortzea.

Zergatik aukeratu duzu zuculus canorus espeziea?

Cuculus canorus kukuaren izen zientifikoa da eta espezie hori ilustratzeko ideia Xoxotera eginiko buelta batean bururatu zitzaidan. Aste Santu inguruan, denbora libre gehiago nuela aprobetxatuz, lehiaketara aurkezteko zerbait egitea pentsatu nuen, eta egun batzuk igaro nituen buruari bueltaka. Aste Santuan bertan, lagun bat eta biok Xoxoteko aterpean ginela, gizon batek kukuaren kanturik entzun ote genuen galdetu zigun. Hemendik behar zuen ordurako, martxoa amaitzerako itzultzen baita kukua Afrikatik. Kanturik entzun ez, baina gustura aritu ginen kukuaz berriketan. Etxera itzuli eta arratsalde horretan bertan hasi nintzen informazio bila eta lehen zirriborroak marrazten.

Zer jaso duzu ilustrazio lanean?

Hegazti bitxia da kukua eta bazegoen zer kontatua. Ilustrazioan bizitza zikloa jaso nahi izan dut; beste zenbait espezieren habietan arrautza jartzen duenetik, arrautzak eklosionatu eta kuku gazteak Afrikara migratzen duen arte. Infografia osatzeko, bigarren mailako informazio interesgarria gehitu nuen: tamaina, sailkapena edota elikadura, adibidez. Eta kukuak beste zenbait espezierekin harreman estua duenez, adibideren bat sartzea ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Horregatik sartu nituen gabiraia eta txantxangorria ere.

Zer dela-eta aurkeztu zara lehiaketara?

Gurasoen bitartez izan nuen lehiaketaren berri, baina ilustrazio berri batekin hasteko denbora falta nuela eta, ez nion kasu handirik egin. Azkenean, Aste Santuko oporretan izan nuen aukera tarte bat eskaintzeko, eta, ilustrazio munduko lehiaketetan esperientziarik ez nuenez, zerbait berria probatzearren aurkeztu nintzen.

Lehenago halako lanik eginda al zeuden?

Umetatik gustatu izan zait marraztea, eta batez ere, animaliek erakarri izan naute marrazteko orduan. Animalien liburu ilustratuekin hazi naiz, eta horrelako infografiak asko gustatu izan zaizkit, baina ez nintzen sekula halako zerbait egiten jarri. Iaz, EHUko Ilustrazio Zientifikoko graduondoan, Fernando Baptista National Geographic-eko infografistarekin ikasteko aukera izan nuen, eta formatu horrek eskaintzen dituen aukerez ohartzeko balio izan zidan. Berarekin egin nuen mota honetako aurreneko lana, katxalotearen ingurukoa, eta hura ere lehiaketa batera aurkeztu nuen martxoaren erdialdean.

Biologoa zara ikasketaz, eta orain Ingurugiro Zientzietako eta Ilustrazio Zientifikoko ikaslea ere bai. Nolatan ari zara ikasketa horiek egiten?

Biologiako gradua izan zen lehen aukera, eta Ingurumen Zientzietako gradua bigarrena. Biologiako graduari ekin nion, eta hirugarren mailan nengoela, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNED) Ingurumen Zientzietako graduko zenbait irakasgaitan matrikulatu nintzen, probatzeko asmoz. Biologiako gradua amaitzear nengoela, Ilustrazio Zientifikoko graduondoaren berri izan nuen. Txikitatik gustatu izan zait marraztea, baina sekula ez nuen planteatu ikasketak hortik bideratzea; aukera ezin hobea zen zientzia eta ilustrazioa uztartzeko. Horregatik erabaki nuen graduondo hori ikastea. Biologia ikasten ari nintzela, irakaskuntza munduan ere hasi nintzen, eta horrek irakaskuntzarekiko interesa piztu zidan. Horregatik, aurten Irakaskuntza Masterra ari naiz ikasten Udako Euskal Unibertsitatean (UEUn) eta Ingurumen Zientzietako gradua aldi baterako uztea erabaki nuen, aurrerago jarraitzea baztertzen ez badut ere.

Zer garrantzia du ilustrazio zientifikoak?

Informazioa irudien bidez testuen bidez baino errazago sartzen da begietatik. Nire kasuan, behintzat, liburu bat zabaltzean irudiek bereganatzen dute arreta guztia. Informazioa errazago ulertzen da, lehenago barneratzen da irudiz lagunduta bada. Eta horretan datza, hain zuzen, ilustrazio zientifikoak. Zientziak zaila izateko fama du, askotan, arrotz egiten diren hitz potoloak erabiltzen baititu. Ilustrazioek informazioaren transmisioan lagun dezaketela iruditzen zait; izan ere, alde estetikoak publikoaren arreta erakartzen du, baina informazioa helarazteko helburua betez eta ulergarritasuna hobetuz.

Zientziaren eta biologiaren munduak zer eman dizu?

Zientziaren eta bereziki biologiaren munduak zerbait eman badit, lagunak izan direla esango nuke. Gainontzean, ezer eman baino gehiago, gaur naizen modukoa egin nauela esango nuke. Mundua eta bertan gertatzen dena ulertzeko modu bat eskaini dit, ikuspegi kritikoa eta zenbait balio garatzen lagundu, eta bereziki inguruarekiko jakinmina piztu.

Zerk erakarri zaitu mundu horretara?

Betidanik piztu izan dit jakinmina mundu horrek. Ez nuke jakingo esaten zerk erakarri nauen, baina zenbat eta gehiago jakin, are handiagoa da interesa.

Dena den, lanbidez, musika irakaslea zara, ezta?

Bai, txistu irakaslea naiz Azpeitiko Juan Antxieta eta Azkoitiko Bizkargi musika eskoletan. 2016an hasi nintzen Azpeitiko musika eskolan txistua irakasten, eta pare bat urte geroago, Azkoitian. Musika tailerreko eta hizkuntza musikaleko klaseak ematen ere aritu izan naiz.

Gustatuko al litzaizuke biologia edo zientzia munduan lan egitea?

Bai noski, ahal den heinean txistu irakasle postuarekin uztartuz. Zientzia arloko ikasketek zenbait bide zabaldu dizkidate, eta guztiak iruditzen zaizkit interesgarriak. Batetik, biologia arloan ingurumenarekin lotutako gaiek eta landa ikerketek erakartzen naute gehien; ingurumenaren kudeaketa, ekosistemen zerbitzuen azterketa... Gradu amaierako lanean, adibidez, gai horiek jorratu nituen. Bestetik, ilustrazio zientifikoaren munduak arlo oso desberdinak lantzeko aukera eskaintzen dit. Oraingo honetan protagonista kukua izan bada ere, hurrengoan planeta bat izan daiteke, edo molekula bat, edo eraikin bat. Zientziaren mundua oso zabala da. Gainera, lehiaketara aurkeztutakoaren moduko ilustrazio bat egiteko, aurrez, gaiaren inguruko informazioa bildu beharra dago, eta prozesuan asko ikasten da. Ilustrazio zientifikoarekin ezagutu dudan beste eremu bat animazioarena da. Graduondoko zenbait ikaskidek talde bat osatu dugu zientzia gaien inguruko dibulgazio animazioak egiteko, eta oraintxe argitaratu berri dugu aurrenekoa, sorbeltz arruntari buruzkoa. Zientziaren dibulgazioak eta irakaskuntzak ere asko erakartzen naute, eta horretan ere gustura ariko nintzateke: ikastetxe batean, hedabideetan… Ate joka hastea falta zait.