Azpeitiaren etorkizunagatik eta azpeitiarron osasunagatik

Jabier Arenas 2021ko mai. 16a, 08:45

Jabier Arenasek gutun bat eta argazkiak bidali ditu Uztarriara, eta bertan, Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraren inguruan hitz egiten du. "Ez al dugu hobe inguru horretan Azpeitiaren zabaltze espazio eder bat eraikitzea?", dio Arenasek.

Garmendia eta Agirre auzuneetan bizi izan ginenok ondo dakigu Martxielen labeak botatako zenbat txatar hauts jan genuen urte luzez. Itxi aurreko azken urteetan panel batzuk ipini zituzten fabrikako sarreran, txatarra zekarten kamioien erradioaktibitatea atzemateko. Entzuna dut Errusiatik ere ekartzen zutela txatarra. Inork ez daki panel horiek ipini aurretik zenbat txatar ke hauts erradioaktibo jan genuen zezen plaza eta futbol zelai inguretako biztanleok. Gaur egun, labe horren kea xurgatzeko tuberia eta aspirazio sistema guztia erabat erdoilduta eta apurtuta dago. Cristian Lay Andaluziako enpresak  ez du berriro martxan jartzeko proiekturik aurkeztu; hala ere, seguru nago gaur egun labe hori gau eta egun kerik ixuri gabe eta zaratarik atera gabe martxan jartzea ez dela posible.

Gaur egun Corrugadosen labeak eta Frantziskanetako baratzeak dauden eremuan Azpeitiko bi alde zahar osorik sartzeko bezainbeste espazio dago. Ez al dugu hobe inguru horretan Azpeitiaren zabaltze espazio eder bat eraikitzea? Eremu natural bat, etxebizitza batzuk, ibai ertzean paseo bide eder bat, Amuko presa ingurua berreskuratu —mutil koskorretan han bainatzen ginen—. Herriaren erdian kez eta zarataz beteriko burnizko mamu zahar handi bat edukitzea baino hobe da.

Azpeitiaren etorkizunagatik eta azpeitiarron osasunagatik.

(Argazkiak: Jabier Arenas)