Martxan da etxebizitza tutelatuen eraikuntza lanen lehiaketa publikoa

Julene Frantzesena 2021ko mai. 13a, 10:28
Etxebizitza tutelatuen irudia.

Elizkale 24, 26 eta 28 zenbakietan hamabi etxebizitza tutelatu egingo ditu Azpeitiko Udalak, eta martxan da horiek eraikitzeko obren lehiaketa. Eraikuntza enpresek maiatzaren 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzeak, eta behin esleituta, hemezortzi hilabetetan amaitu beharko dituzte lanak.

Elizkale 24, 26 eta 28 zenbakietan hamabi etxebizitza tutelatu egingo ditu Azpeitiko Udalak, eta horiek eraikitzeko obrak lehiaketa publikora atera berri ditu erakundeak. Eraikuntza enpresek maiatzaren 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzeak. Lanek, gehienez, 1.341.936,55 euroko aurrekontua izango dute, eta hemezortzi hilabetetan bukatuta egon beharko dute.

Etxebizitza horiek adineko herritarrei zuzendutakoak izango dira, eta udalak adierazi duenez, horiei eskaintzen zaizkien zerbitzuak osatzeko egingo dituzte. Izan ere, proiektua orain arte gauzatutako azterketak aintzat hartuta egin duela adierazi du erakundeak. Gainera, Azpeitian martxan izango diren lehen etxebizitza tutelatuak izango dira.

Udalak azaldu duenez, gizartearen zahartzea nabarmena da, eta horregatik, 65 urtetik gorako herritarren egoera aztertzeko azterketak egin ditu erakundeak. Horrez gain, iaz, azterketa prospektibo bat eta zerbitzuen eta beharren analisia ere egin zuen erakundeak. "Azterketek diotenez, gizartea zahartu ahala, behar eta zerbitzu berriak faltako dira. Gaur egun, menpekotasuna saihesteko zerbitzu aurrerakoiak ditugu Azpeitian, eta bide horretan sakontzen jarraituko dugu", azaldu du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Etxe tutelatuak bide horretan beste urrats bat direla ere azaldu du hark: "Laguntza behar duten baina menpekotasunik ez duten edo menpekotasun gutxi duten herritarrei zuzendutakoak izango dira etxe tutelatuak". Goenagak adierazi duenez, gainera, erabiltzaileen bizi kalitatea "hobetuko da etxebizitzen zerbitzuaren bidez.