Mirian Quintana

Omenaldia mihise gainean

Maialen Etxaniz eta Anartz Izagirre 2021ko mai. 11a, 17:00

Bizipenak erakusketa zabaldu du Mirian Quintana Azpeitiko bizilagunak Foru Ibilbideko udal aretoan, eta konfinamenduan egindako bere hainbat artelan ikusgai izango dira maiatzaren 23a bitartean. Bere bizitzako "pertsona erreferenteak" omendu nahi izan ditu urretxuarrak erakusketa honen bitartez.

"Artistaren lanak bakoitzaren zati bat dira", halaxe dio Mirian Quintana (Urretxu, Gipuzkoa, 1988) Azpeitiko bizilagunak, ireki berri duen Bizipenak erakusketaren azalpenean. Azpeitiko Foru Ibilbideko udal aretoan jarri ditu bere artelanak, eta Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean antolatzen duten sorkuntza bekari esker gauzatu du erakusketa. Joan zen ostiralean zabaldu zuten erakusketa, eta maiatzaren 23a bitartean egongo dira ikusgai urretxuarraren lanak, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Arte Ederretan lizentziatua da Quintana, eta ikasketak amaitu ostean master bat gauzatu zuen unibertsitatean, artearen alorrean. Hain zuzen ere, ikasketa horiek egitean sortu zitzaion urretxuarrari bertan garatutako proiektuarekin jarraitzeko gogoa, eta masterra amaitu eta urte batzuk geroago ondu du Bizipenak. "Enbor puska batean margolan bat egiteko enkargua heldu zitzaidan, eta oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Artelan horretatik abiatuta osatu dut ireki berri dudan erakusketa", azaldu du Quintanak.

Erakusketaren izenburua bat dator urretxuarrak bere lanekin islatu nahi duen ideiarekin. Izan ere, alboan izan dituen pertsonei omenaldia egin nahi izan die: "Azpeitira bizitzera etorri nintzenetik, hainbat pertsona erreferente eta eraginkor izan ditut inguruan, eta horiek dira proiektu honen ardatz. Egin ditudan obra guztiak haien omenez egindakoak dira".

Quintanak, oraingo honetan, Azpeitiko bizipenak islatu nahi izan ditu gauzatu dituen lanetan, baina nabarmendu du proiektuak ez duela amaierarik: «Urretxun beste erakusketa bat zabaldu nahiko nuke, hango jendeari omenaldia egiteko. Azkenean, proiektu bakoitza oso pertsonala dela iruditzen zait, eta orain estreinatu dudan hau azpeitiarrei zuzendurik dago». Halaxe dio Quintanak erakusketa azaltzeko banatu dituen eskuorrietan: "Bizitzak aurrera jarraitzen duen bezala, arteak ere ez dauka amaierarik".

Konfinamenduko fruituak

Bizipenak erakusketako hainbat artelan konfinamenduan egin behar izan ditu margolariak, eta itxialdiak "asko" lagundu dion arren, aitortu du oztopoak ere topatu dituela: "Konfinamenduan denbora gehiago izan nuen margotzeko, baina erakusketako protagonista batzuekin aurrez aurre ezin egon izateak ere oztopoak eragin dizkit. Dena den, haiekin telefonoz hitz eginda, moldatu naiz".

Margolari izateaz gain, Azpeitiko Arte eta Diseinu eskolako irakaslea ere bada Quintana, eta haiei ere omenaldia egin nahi izan die ondu duen artelan batekin: "Haurren zein helduen irakaslea naiz, eta ez dakit beraiek nirekin zerbait ikasiko duten; nik, ordea, haiekin egunero ikasten dut zerbait. Haiei ere koadro bat eskaini diet, beti baitaude hor, niri laguntzeko prest".

Bakarkako bigarrena

Aurten estreinatu duena ez da Quintanaren lehen bakarkako erakusketa. Izan ere, duela lau urte, bere aurreneko erakusketa zabaldu zuen 11 koadroz osaturiko lanekin Aisialdi tabernan. Horren aurretik, berriz, 2012an, Kultur Mahaiak antolatutako III. Kulturaldiaren barruan, lehen aldiz bere lanak erakutsi zituen. Hain zuzen ere, Arte eta Diseinu eskolan lankide duen Beatriz Pozoren lanekin batera jarri zituen koadro batzuk Sanagustin kulturgunean. Ordutik, bere estiloan hainbat aldaketa igarri dituela aitortu du margolariak: "Beti esan izan dut pertsonei omenaldia egin nahi izan diedala, baina beti jotzen nuen paisaiak marraztera. Gero, ordea, konturatu nintzen nire artea oso pertsonala dela, emozioen munduan sartu nahi nuela, jendeak ikusteko arteak adierazteko balio duela".