Koronabirusa Azpeitian

Beste bi positibo, eta intzidentzia tasak jaisten jarraitzen du

Amaia Urbieta 2021ko mai. 11a, 13:26

Azken zazpi egunetan 24 positibo zenbatu dituzte herrian eta 100.000 biztanleko hamalu eguneko intzidentzia tasa 361,37koa da orain. Errezilen izan ezik, behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak eskualdeko herri guztietan. Hego Euskal Herrian ere hobera egin dute datu orokorrek.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri dituen datuen arabera, hamalau koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo Urola Kostako herrietan. Herenegun atzemandakoak baino lau gehiago dira, baina argi dago aurreko asteetako joera asko apaldu dela orokorrean. Azpeitian, bi positibo zenbatu zituen Osasun Sailak; azken zazpi 24 positibo zenbatu dituzte herrian eta 100.000 biztanleko hamalu eguneko intzidentzia tasa 361,37koa da orain, herenegun baino (387,65) koska bat baxuagoa.

Oraindik ere intzidentzia tasa altua badauka ere, batez ere Zarauzko zifrak baretu dira. Atzokoan hiru kasu atzeman zituzten kostaldeko herrian, eta intzidentzia tasa 749,56tik 663,90ra jaitsi da. Beste hiru kasu atzeman dituzte Azkoitian ere, eta herri horretan 50 puntu jaitsi da tasa, 851,21etik 801,13ra. Gainontzeko kasuak Aizarnazabalen (bat), Errezilen (bat), Getarian (bat), Zestoan (bat) eta Zumaian (bi) atzeman dituzte. Azken herri horretan ere jaitsi egin da intzidentzia tasa eta 753,03an dago orain. Aizarnazabalen, Getarian eta Zestoan, berriz, 1.040,31; 282,69; eta 487,93koak dira tasak (mantendu egin da Aizarnazabalen eta Zestoan, eta behera egin du Getarian). Errezil izan zen atzekoan eskualdeko salbuespen bakarra: kasu positibo bat zenbatu zuten herrian, eta ondorioz, 1.288,24tik 1.449,28ra igo da intzidentzia tasa herri horretan.

Positibotasun tasa %4,3an

Atzo, denera, 12.373 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 536k eman zuten positibo; alegia, %4,3koa da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa. Atzemandako 536 positiboetatik 265 Bizkaian zenbatu zituzten, 165 Gipuzkoan, 75 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo, berriz, positibo bat atzeman zuten.

Kasu berrien datuak egunez egun baxuagoak badira ere, ez da abiadura berean apaltzen ari ospitaleetako okupazioa. Atzokoan, 359 lagun zeuden ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (herenegun baino 15 gutxiago), 70 ospitaleratze berri izan ziren (herenegungoen bikoitza baino gehiago) eta 158 pertsona daude ZIUetan (herenegun baino 11 gutxiago).