'Ilargi guztiak' filma emango dute asteburuan Soreasun

Julene Frantzesena 2021ko mai. 12a, 08:00

Larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute beldurrezko euskal filma, 19:00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Ilargi guztiak filma emango dute zapatutik astelehenera bitartean Soreasu antzokian. Hiru egun horietan 19:00etan ikusi ahal izango da beldurrezko euskal filma, eta dagoeneko eros daitezke saioetarako sarrerak, honako lotura honetan.

Aurten Euskal Herrian ekoiztutako filma da Ilargi guztiak, eta Igoer Legarreta da haren zuzendaria. Hainbat aktorek parte hartu dute filmean, hala nola Itziar Ituñok, Zorion Egileorrek, Joxean Bengoetxeak eta Haizea Carnerosek.

Honako hau da filmaren sinopsia: "Baso betierekoak eta mendi elurtuak. XIX. mendearen azken herena da, eta Nafarroako iparraldeko haranen batean azken gerra karlistaren esteroreak bizi dira. Jaurtigai batek neskatoen ostatu bat suntsitzen du, eta neskatila bat baino ez da irteten bizirik. Neska hori zaurituta dago, eta sendatu arte zainduko duen emakume eder batek erreskatatzen du. Hala ere, patua ez dago bere alde, eta, bere ezkutalekuaren aurkako ustekabeko eraso baten ondorioz, neskatoa mendian bakarrik eta bakartuta geratu da berriro. Orduan jakingo du bere egoera berri eta bitxia zein den, egunargia ikusi eta berriro beste edozein neskatilak bezalako bizitza arrunta izatea eragotziko dion egoera nolakoa den".