'Birziklatu, zure esku dago' kanpainaren informazio gunea jarri dute plazan

Anartz Izagirre 2021ko mai. 7a, 16:30

Birziklatu, zure esku dago kanpainaren barruan, informazio gunea jarri dute plazan, eta birziklapenaren inguruko informazioa eman dute jokoen eta tailerren bitartez. Asteartean, hilak 11, berriro jarriko dute informazio gunea, 09:00etatik 14:00etara.

Urola Erdiko Mankomunitateak Birziklatu, zure esku dago izeneko kanpaina jarri du abian sailkatutako hondakinen emaitzak hobetzeko asmoz. Kanpainari lotuta, gaur, ostirala, informazio gunea jarri dute plazan, eta irekita egongo da 20:00etara bitartean.

Ecoembes eta Ecovidrioren eskutik egingo du kanpaina Urola Erdiko Mankomunitateak, eta herritarrek hondakin mota bakoitza zer edukiontzitara bideratu behar duten azaltzea da helburua. Informazio gune irekia da, eta bertan zenbait ariketa, jolas eta tailer egingo dituzte adin guztietako pertsonei bideratuta. Beira identifikatzen eta zaborra sailkatzen ikasteko jokoak, txapa nahiz beira-bolen tailerrak, eta ondo bereizita dauden zaborren erakusketa jarri dituzte ikusgai informazio gunean. Halaber, bertako produktuez osatutako saski bat ere zozkatuko dute informazio gunean jarri duten joko batean parte hartzen duten herritar guztien artean. Parte hartzaileek kristalezko kutxa baten barruan zenbat txapa dauden gordeta asmatu beharko dute.

Asteartean, hilak 11, berriro jarriko dute informazio gunea Azoka Plazan, 09:00etatik 14:00etara. Jokoetan eta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, hondakinen behar bezalako sailkapenari buruzko informazioa jasotzen duten bitartean.