Hamarkada bat beste bide batetik

Gipuzkoako Hitza 2021ko mai. 7a, 09:30

Hamar urte bete dituzte Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta hura kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Eredu propio bat garatu du kooperatibak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko. Sanagustinen ibilbidearen inguruko erreportajea landu dute Gipuzkoako Hitzan.

Hainbat eredu egon daitezke kultur azpiegitura bat kudeatzeko, eta horietako bat da Azpeitiko Kulturaz kooperatibak garatutakoa. Propioa. "Autofinantzaketan, eta elkarlanaren eta partaidetzaren arteko orekan oinarritzen den eredu bat da", esan du Xabier Aranbarri kooperatibako kudeatzaileak. Iazko abenduan bete ziren hamar urte Azpeitiko Sanagustin kulturgunea ireki zutenetik, eta aurtengo apirilean egin ditu hamar urte azpiegitura hori kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Urtemuga horien harira, herri batzorde bat sortu dute Kulturaz kooperatibak berak, Kultur Mahaiak, bi udal taldeek —EH Bilduk eta EAJk— eta norbanako batzuek, eta ekitaldi sorta bat prestatu dute, datorren astelehenetik hasita. Nazio ikuspegiko bi jardunaldi izango dira, besteak beste: kultur artikulazioaz bat —maiatzaren 28an—, eta herri ekimenaz eta kooperatibismoaz bestea —ekainaren 25ean—.

2006ra egin behar da atzera Kulturaz-en sorrera azaltzeko. Orduan sortu zuten Azpeitiko Kultur Mahaia, herriko kultur taldeen, udal taldeen eta norbanakoen artean. Mahaiaren eskaria jasoz, 2010eko abenduan Sanagustin kulturgunea inauguratu zuen udalak. Garai batean eliza izandako eraikina da, eta herriko plazan dago. Azpiegitura horrek uneoroko dinamika izan behar zuela iritzita, haren kudeaketarako lehiaketa zabaltzeko eskatu zion Kultur Mahaiak udalari, eta Kultur Mahaiak berak proposatutako proiektua izan zen garaile. Hala, Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkartea sortu zuen, figura juridiko bat behar baitzuen espazioa kudeatzeko —gaur egun Kulturaz izena du—. 2011ko uztailean, ostalaritza zerbitzuarekin osatu zuen Sanagustineko eskaintza, autofinantzaketa lortzeko.

Herri ekimenetik sortutako kooperatiba bat da, beraz, Kulturaz, eta euskarazko kultur sorkuntza modu integral batean sustatzea da haren egitekoa. "Helburu jakinik ez dugu; bidea da gure helburua, eta bideak berak erakusten digu nondik jo", esan du Aranbarrik. Kultura, berriz, "pertsonei nor izaten lagunduko dien zerbait" dela ulertzen dutela adierazi du, eta horrek kooperatibarekin harremanak dituen pertsona oro zaintzea eskatzen diela. "Benetako kooperatiba bat izan nahi dugu. Proiektu bat dugu, eta denok batera egin behar dugu aurrera. Horizontaltasun eta gardentasun handia eskatzen ditu gure ereduak, denok ulertzea zertaz ari garen, indibidualismorik gabe, duintasunez… Ez da erraza, baina merezi du".

Sormena eta transmisioa

Aranbarrik azaldu du Kultur Mahaia dela kooperatibaren "foro ideologikoa", eta hark markatu izan dizkiela ildo nagusiak. Hain zuzen ere, herriko kultur taldeen esku daude kooperatibako bazkideen botoen %49; norbanako bazkideen esku %32,9; langileen esku %18; eta bazkide kolaboratzaileen esku %0,1.

Hamar urteotan, hainbat mugarri izan ditu kooperatibaren ibilbideak. Tartean, 2014tik herriko Soreasu antzokia ere kudeatzen du, eta 2016tik, Dinamoa sormen gunea ere bai. Izan ere, gogoeta prozesu baten ostean, 2012an, Kultur Mahaiak ondorioztatu zuen agertoki bat bazutela jada —Sanagustin—, ikusgarritasunean ere emaitza onak zituztela, baina sormena eta transmisioa lantzen hasi beharra zegoela.

Premia hori are garbiago ikusi zuten 2015ean, Azpeitiko kulturaren argazkia barne azterketaren nahiz Kulturmetria izeneko kanpo azterketaren bidez. Hortik etorri zen Dinamoa sormen gunea martxan jartzeko erabakia. Eta aurtengorako duten erronka nagusietako bat ere gune hori gehiago "herritartzea" izango dela dio Aranbarrik. "Jendeak uler dezala beren sormen prozesuetarako espazio bat dutela hor, eta lantalde bat daukatela ondoan, laguntzeko prest".

Pandemia dela eta, ez dira urte samurrak kulturgintzarentzat, eta Kulturaz-ek ere ez ditu "oso aurreikuspen txukunak" aurtengo urteari begira. Datorren urtean ere zail ikusten dute lehen bezala seiehun laguneko kontzertuak eta abar antolatzea. "Zorionez, 2019 on batetik gatoz. 2011 aldera, askoz okerrago ibilitakoak gara", gogoratu du. Haren esanetan, aurreneko hiruzpalau urteak "oso zailak" izan ziren. "Proiektua herriaren zati batek ulertu zuen, baina beste zati batek ez. Administrazioak ere ez zuen ulertu. Euskal Herrian ez zegoen antzeko eredurik". Proiektua osatzeko egin beharreko lanek eragindako gastuak batu zitzaizkion horri.

Era berean, konturatu ziren ostalaritza gune batek ez dituela kultura finantzatzeko adinako irabaziak ematen. "Pertsonak zaindu nahi baditugu, iraunkortasun edo finkotasun bat eman behar zaio, eta oso zaila da eredu horrekin ostalaritzak kultura finantzatzea". Kultur jarduerak ere ez dira beren burua ordaintzeko gai; zinemak, esate baterako, galerak izaten ditu urtero, eta sorkuntza jarduerek ere autofinantzaketarako gaitasun txikia dute. "Bestelako zerbitzuak ematen ditugu diru sarrerak lortzeko".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.