Kirol egokituaren eta inklusiboaren sustapenean eragiteko topaketa antolatu du udalak maiatzaren 14rako

Julene Frantzesena 2021ko mai. 6a, 12:00
2019an Marea Urdinak antolatutako sentsibilizazio jolasetako irudi bat.

2021-2022 ikasturtean Urola Erdian kirol egokituaren gutxieneko eskaintza osatzea nahi dute hainbat erakundek eta eragilek, eta bide horretan antolatu du topaketa Azpeitiko Udalak. Aniztasun funtzionala duten eta 6 eta 21 urte bitartean dituzten azpeitiarrei nahiz horien familiei zuzendutako topaketa izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Aniztasun funtzionala duten eskola adineko herritarrek kirola egiteko eskubidea bermatuta izan dezaten lanean ari dira Azpeitiko eta Azkoitiko udalak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Marea Urdina azken hilabeteetan. Zehazki, 2021-2022 ikasturtean Urola Erdian kirol egokituaren gutxieneko eskaintza osatzea nahi dute horiek. Izan ere, udalak emandako datuaren arabera, Urola Erdian bizi diren eskola adineko ikasleen %6k du aniztasun funtzionala.

Azpeitiko errealitatea ezagutzeko asmoz, eta kirol egokituaren eta inklusiboaren sustapenean eragiteko, aniztasun funtzionala duten eta 6 eta 21 urte bitartean dituzten azpeitiarrei nahiz horien familiei zuzendutako topaketa antolatu du udalak maiatzaren 14rako, ostirala. 17:30erako jarri dute hitzordua igerilekuko azken solairuan, eta udalak "garrantzitsutzat" jo du herritarrek saioan parte hartzea, datorren ikasturtetik aurrera gutxieneko kirol egokitu eskaintza osatzeko bidean. "Egungo beharrak ezagutu nahi ditugu, datorren ikasturtean sortu beharreko eskaintza ahalik eta egokituenak zein zehatzenak izan daitezen".

Topaketa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak gidatuko du, eta bi gauza egingo dituzte: familiekin elkartu, haien premiak entzuteko eta jasotzeko; eta umeen eta gazteen gaitasunak eta trebeziak ezagutzeko jolas dinamikak garatu. COVID-19a saihesteko hartu beharreko neurriak betetzeko eta topaketaren antolaketa errazteko ezinbestekoa izango da saiorako izena ematea. Horretarako, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko 943-46 25 14 telefono zenbakira deitu –astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara– edo info@gkef-fgda.org e-posta helbidera mezua idatzi behar da.