'Koiteretzia' eleberri dialogikoa aurkeztu du Iñaki Segurolak

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 6a, 10:10
Iñaki Segurola.

Ez da azpeitiarraren lehen lana, aurretik beste lau saiakera liburu ere badituelako kalean, baina bai bere lehen eleberria. Nobela dialogikoa da oraingo hau, elkarrizketa bidez adierazten delako adierazten den guztia. COVID-19a da elkarrizketa horietako gaia; hortik, koiteretzia.      

Iñaki Segurolak atzo aurkeztu zuen bere azken lana, bere lehen eleberria: Koiteretzia (Alberdania). Izenburutik bertatik hasita da berezia azpeitiarraren liburua, berak asmatutako hitz bat jarri baitio titulutzat. Zer esan nahi duen koiteretziak? "COVID-19a, azkar esanda", azaldu du sortzaileak. "Gaitzari euskarazko izen bat, izen natural bat, hizkuntza natural batean asmatutako izen bat jartzeagatik egin dut, ez erabiltzeagatik mundu mailan erabat zabaldu den akronimo gehi zenbakitxodun COVID-19 itsusi hori, laboratorioko izen hori". 

Baina izenburutik harago, egituran ere ezohikoa da liburua. "Nobela dialogiko" etiketa jarri diote egileak eta argitaletxeak, elkarrizketa bidez adierazten delako adierazten den guztia. "Elkarrizketa hutsez, ez dago kontatzailerik. Edo bestela esanda, hiru kontatzaile leudeke, hiru kontatzaile elkarrekin hizketan". Segurolak kontatu duenez, narratzaile falta horregatik, bada liburuari eleberri izaera aitortu ezin zaiola uste duenik, baina berak baietz dio: "Frantsesez roman dialogique-ak eta ingelesez dialogical novel-ak badaude, euskarazko eleberri dialogiko bat izango da hau".

Neska gazte bat, mutil gazte bat eta gizon heldu bat dira eleberriko protagonistak. Hasieran, pandemiaren inguruan jarrera "zurrun gotorrak" dituzte hirurek ere. Haietako bi, kritikoak dira pandemiarekiko, "negazionista edo konspiranoikoak"; hirugarrena, berriz, "ofizialista" da. Baina istorioaren joanean, "gauzak gertatzen dira munduan, gertatzen dira beren baitan, gertatzen dira beren artean; eta aldatzen dira gauza asko eta aldatuz joaten dira beren pentsamenduak ere, gurutzatuz beren hasierako jarrerak; eta bide bat egiten dute, eta bide hori argitasunera eta gogortasunera baino gehiago, lausotasunera da".

Hona hemen atzoko aurkezpeneko bideoa —Segurola eta Jorge Jimenez-Bech Alberdaniako editorea azaltzen dira—: