Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasa ehun puntu jaitsi da astebetean Azpeitian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 3a, 13:25

Ostiraletik igandera hamabost kasu positibo zenbatu ditu Azpeitian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurreko asteburuan baino bi kasu gutxiago. Intzidentzia metatuaren tasak baina beherazko joerarekin jarraitzen du, eta 500era arte jaitsi da. Urola Kostan kasu positiboen kopuruak behera egin duen arren, udalerri ia guztiek perimetralki itxita jarraituko dute.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben herriz herriko emaitzak. Azpeitian hamabost kasu positibo baieztatu dituzte joan den ostiraletik atzora bitartean egindako probetan: zortzi kasu ostiralean, hiru larunbatean eta lau atzo. Kasu positibo berriak atzeman arren, Azpeitiko intzidentzia tasak beheraka egiten ari da azken egunetan; atzo arteko datuan kontuan hartuta 505,91koa da tasa hori —gaur zortzi 611,04koa zen—.  Intzidentzia tasa kontuan hartuta eremu gorria uztetik gertuen dagoen Urola Kosta eskualdeko 5.000 biztanletik gorako udalerria da gaur-gaurkoz Azpeitia, baina gutxienez beste astebetez perimetralki itxita jarraitu beharko du herriak.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 95 kasu positibo detektatu dituzte,  eta joan den astelehenean Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datua baino baxuagoa da gaurkoa; izan ere, gaur zortzi 130 positibo berri jakinarazi zituen. Orain dela bi aste, berriz, asteburuko hiru egunetan 190 kasu atzeman zituztela adierazi zuen. Poliki bada ere, kasu positiboen agerraldiek behera egiten jarraitzen dute eskualdean.

Eskualdeko herriak banan-banan aztertuta, Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien azken hiru egunetan: 30 positibo, guztira. Zazpi kasu hauteman zituzten ostiralean gauzatutako probetan, 11 larunbatean eta hamabi atzo. Intzidentzia tasak behera egin du zerbait han, eta egun 1.075,08koa da. Zarautzen ondotik Azkoitian zenbatu dituzten kasu gehien asteburuko hiru egunetan, hemeretzi kasu –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta zortzi atzo—, eta Azpeitian gero, hamabost kasu hautemanda.

Zumaiak, bestalde, intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen du. 1.119,37koa da tasa han, baina behera egin du ostiraletik; izan ere, hamar kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bost larunbatean eta bi atzo–. Orion, berriz, zortzi kasu zenbatu ditu Osakidetzak –hiruna ostiralean nahiz larunbatean eta bi atzo–. 848,01eko intzidentzia tasa dute udalerri horretan. Aian, bost positibo detektatu dituzte, lau ostiralean eta bat atzo; intzidentzia tasa 1.460,96koa da han. Zestoan, ostera, hiru kasu atzeman dituzte, bat larunbatean eta bi atzo, eta 539,29ko intzidentzia tasa du. Errezilen, Getarian eta Aizarnabazalen ere hauteman dituzte positiboak ostiraletik igandera bitartean. Bina kasu baieztatu dituzte Errezilen eta Getarian –ostiraleko probetan hauteman zituzten bi herrietan kasuak– eta bat Aizarnazabalen. Hiru herriak eremu gorriaren barruan daude, baina Jaurlaritzak ez du sartu Errezil itxiera perimetrala duten herrien artean, astebetean lau positibo baino gutxiago izan baititu.

613 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo, 9.854 test diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 613 positibo hauteman zituzten: 38 kasu positibo Araban, 268 Bizkaian, 191 Gipuzkoan eta 107 Nafarroan. Hori horrela, %6,22koa da positibotasun tasa Hego Euskal Herrian. Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta haren arabera atzo COVID-19aren ondorioz 45 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan. 520 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 195 pertsonak zainketa bereziak behar dituzte. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,89koa da.