Lagun Onakeko emakumeek igoera fasera sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute

Julene Frantzesena 2021ko api. 26a, 08:24
Lagun Onaken atzoko partidako hasierako hamaikakoa.

Atzo ihes egin zion aukeretako batek; izan ere, Eibar taldearen kontra jokatu zuen ligako bosgarren jardunaldia Garmendipen, eta 1 eta 2 galdu zuten neurketa. Datozen bi jardunaldiak Bergararen eta Zumaiakoren kontra ditu Lagun Onakek, eta Euskal Ligarako igoera fasera sailkatzeko aukera ugari ditu taldeak.

Igoera fasera sailkatzeko aukera paregabea galdu zuen atzokoan Lagun Onakeko emakumeen taldeak. Izan ere, Eibar taldearen kontra jokatu zuten ligako bosgarren jardunaldia Garmendipen, eta 1 eta 2 galdu zuten neurketa. Dena den, Euskal Ligara igotzeko aukera ugari ditu oraindik Lagun Onakek. 

Eibarrek indartsu hasi zuen neurketa, eta lehen zatia amaitzerako hartu zuen huts eta bateko abantaila. Bigarren zatia hastearekin iritsi zen Eibarren bigarren gola, baina Lagun Onakek ez zuen etsi; are gehiago, Eguzkiñe Peñak sartu zuen etxekoen gol bakarra, 65. minutuan. Saiatu zen Lagun Onak berdinketa lortzen, baina ezin izan zuen punturik lortu.

Atzoko emaitza tarteko, Ohorezko Erregional Mailako hirugarren postuan dira Lagun Onakeko emakumeak, bigarren sailkatuarekin, Zumaiakorekin, berdinduta: bi taldeek bederatzina puntu dituzte. Eibar da sailkapenaren buruan, hamar punturekin. Hori dela eta, edozer gerta daiteke datozen bi jardunaldietan; izan ere, ligaxkako bi taldek lortuko dute igoera faserako txartela.

Datozen bi jardunaldiak Bergararen eta Zumaiakoren kontra ditu Lagun Onakek, eta beraz, asko izango du jokoan. Bergararen kontrako neurketa etxetik kanpo jokatuko du, eta momentuz puntuetan berdinduta den Zumaiakoren kontrakoa, ligaxkako azkena, etxean.

Igoera fasera sailkatzeko diren bi taldeek beste taldeko sailkapeneko aurreneko bien aurka jokatuko dituzte partidak: hau da, talde bateko aurrenak besteko bigarrenaren aurka; eta alderantziz.