Jabier Larrañaga: "Burtsan kotizatzea da erabakiguneak errotzeko era onena"

'Berria' egunkaria 2021ko api. 25a, 08:38

Begirada zabaleko irakurketak egiteko eta azalpenak emateko joera du Jabier Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972), adierazpen soiletara mugatu beharrean. Likidezia handia da munduan, eta kanpotik Gipuzkoako enpresen bila etor daitezkeelako kezkatuta dago Gipuzkoako Ekonomia, Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatua. Berria-k elkarrizketatu du azpeitiarra.

Zer sentitzen duzu, zure behatokitik, pandemiaren enegarren olatuan, berriz ere itxierak-eta datozenean?

Ardura. Olatu horien atzean bi eragin daudelako: lehena eta inportanteena da osasunean, bizitzetan duen eragina. Eta bigarrena, jarduera ekonomikoan duena. Kaltea zuzenean izan duten jardueretan zaildu egiten da egoera, errekuperazioa luzatu egiten zaie. Hori esanda, jarduera ekonomikoari dagokionez, optimista naiz, arduraz baina optimista. Batzuk benetan gaizki pasatzen ari dira, dramak daude hor, eta beste kasu batzuetan jarduera badago; sektore batzuk, adibidez automobilgintzari lotuta daudenak, erantzun ona izan dute, eta oraindik mantentzen dira.

Txertoak dira orain helduleku nagusia. Eta esperantzarako helduleku ere bihurtu dira Europako funtsak. Gipuzkoaren ezaugarri diren enpresa txikietara dirua iritsiko den baduzue kezkarik?

Europak eraldatzaile izan daitezkeen proiektuak nahi ditu funtsekin, eta eraldatzaile izan daitezkeen proiektuak definizioz dira handiak. Baina gure ekonomia sarean enpresak txikiak dira; lehiakorrak, ondo kokatuak nitxo berezietan, berrinbertsio kultura handikoak, prestatuak, baina txikiak. Proiektu handietan tamaina handiko enpresak behar dira, baita administrazio publikoak ere, elkarlaneko proiektuak direlako. Iritsiko dira [funtsak] gure enpresetara? Bai, dudarik gabe, gure enpresak eraldaketa horren parte direlako. Proiektuak lideratuko ditugu? Ez, gure tamainarengatik.

Oraindik ez dakigu Euskadi Nexteko proiektu batzuk non kokatuko diren, eta gigafaktoriei buruz galdetuko dizut. Izango da Gipuzkoan horietako bat?

Denborak esango du. Baldinbere baditugu Gipuzkoan battery pack horiek egiten dituztenak. Ezagutza badaukagu, esperientzia badaukagu, osagai guztiak ditugu hemen egoteko. Hori esanda, niretzako oso inportantea da funtsetarako proiektuak identifikatzen direnean zer parametroren arabera egiten den aukeraketa hori ere. Egiten bada proiektuen zumitzen arabera, hor oso ondo egongo gara posizionatuta. Aukeraketa beste balore batzuen edo beste helburu politikoen arabera egiten bada...

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.