Etxekoak edo urrunekoak, baina 'best-seller'-ak

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 23a, 08:30

Urte gorabeheratsua izan da azken hau Azpeitiko Udal Liburutegian. Hala ere, etenak eten eta gorabeherak gorabehera, zerbitzua emateari ez diote utzi. Gaurko Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, 2020ari errepasoa eman diote liburutegikoek, erabiltzaileen joerak, perfilak, maileguen kopuruak edota gehien irakurri dien liburuen zerrendak hizpide hartuta.

Gaur, apirilaren 23a, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Egun seinalatua izan ohi da gaurkoa urtero literatura zaleentzat, idazleentzat zein irakurleentzat, eta Azpeitiko Udal Liburutegian ere bai. Koronabirusaren pandemiak iaz bezala aurten nahi baino gehiago baldintzatuta ospatuko dute apirilaren 23a Enparan dorretxeko liburutegian, baina azken urteari eta azken urteetako joerei errepasoa egin diote liburutegiaren arduradunek, Uztarriak eskatuta.

Milaka dokumentu ditu katalogoan Udal Liburutegiak maileguan emateko. 2020an, 2.140 dokumentu berri gehitu ziren katalogo horretara. Horietatik erdiak pasa (1.245) gaztelaniazko edukiak dira; euskarazko dokumentu berriak 878 izan ziren, eta hamazazpi, berriz, beste hizkuntza batzuetan idatzitakoak.

Maileguetan ere dokumentu berrien antzekoa da hizkuntza banaketaren datua. Iaz, 43.008 erabiltzaile zenbatu zituzten liburutegian, eta 27.008 mailegu egin zituzten: 15.716 mailegu (%58,19) gaztelaniazko edukienak, 10.594 (39.23) euskarazkoenak eta 698 (%2.58) beste hizkuntza batzuetako edukienak. Mailegu horiei liburutegien arteko mailegu zerbitzuaren bidez egindako beste 2.239 gehitu behar zaizkie. Helduen artean handiagoa da gaztelaniazko edukien aldeko hautua; haurren artean, berriz, euskarazko irakurgaiak nagusitu ohi dira.

Irakurrienak, eskutik eskura

Liburutegiko erabiltzaileen irakurketen joeraz galdetuta, "hemen, gehiena best-seller-ak", erantzun dute zerbitzuaren arduradunek. Eleberriak eta fikzioa, oro har, dira nagusi maileguetan. Helduen artean –kasu honetan, 14 urtetik gorakoak sartzen ditu kategoria horretan Eusko Jaurlaritzak–, euskarazko liburuei dagokienez, Karmele Jaio idazlearenak daude Azpeitiko liburutegiko erabiltzaileen kutunenen artean: Jaioren Amaren eskuak eta Aitaren etxea izan dira 2020an gehien mailegatu dituzten euskarazko liburuak, eta Miren Gorrotxategi azpeitiarraren 33 ezkil opera prima da zerrenda horretan hirugarrena. Gorrotxategiren lan berria ere –Sotoan gordeak– azken hilabeteetan irakurleek gehien eskatzen dutenen zerrendan dago. Gaztelaniazko liburuen artean, Joel Dicker-en El enigma de la habitacion 622 dago erabiltzaile helduen artean irakurrienen iazko zerrendaren buruan, Reina Roja (Juan Gomez-Jurado) eta El silencio de Clara Lyndon (Elene Lizarralde) liburuen aurretik.

Haurren irakurketa gogokoenen zerrendan, berriz, sagak edo bildumak osatzen dituzten liburuak dira nagusi. Euskaraz, Onin (Ibon Martin), Futboleroak (Roberto Garcia Santiago) eta Nur (Toti Martinez de Lezea) dira 2020an gehien mailegatu dituztenak; eta Diario de Greg (Jeff Kinney), The Crazy Haacks (Haacks anai-arrebak) eta Los futbolisimos (euskarazko Futboleroak-en bertsio orijinala), gaztelaniaz gehien mailegatutakoak.

"Denok gauza bera" irakurtzeko joera nabari dute liburuzainek erabiltzaileen artean, eta adin tarte guztietan errepikatzen den joera da hori. Normalean, liburu bakoitzaren ale bakarra izaten dute liburutegian eskuragarri: ondorioz, boladan dauden liburuekin "txanda eman ezinda" erabiltzen direla kontatu dute, eskaera handia izan ohi dutelako: "Badauzkagu liburu batzuk lau urtean apalan jartzera iritsi ez garenak, beti eskutik eskura dabiltzalako".

Urte gorabeheratsuaren ondorioak

Gainerako zerbitzu gehienak bezala, Azpeitiko Udal Liburutegiak ere ateak itxi behar izan zituen joan den udaberri hasieran, pandemiaren ailegaerarekin etorri zen konfinamendu sasoian. Hala ere, maileguen zerbitzuak ez zuen eten luzerik izan, etxez etxeko zerbitzua antolatu eta martxan jarri baitzuten aste gutxiren buruan. Gaitzaren oldarraldien arabera gehiago edo gutxiago, baina eskaintza hori mantendu egin dute liburutegian hilabete gorabeheratsuotan.

Koronabirusaren aroak areagotu egin du erabiltzaileen Interneterako joera. Liburuen maileguetan baino, DVDenetan antzeman dute aldaketa Udal Liburutegian. "COVID-19aren sasoi honetan, nabarmen jaitsi dira maileguak, erdira edo. Lehen hilean 600 edo 800 mailegatzen baziren, orain ez gara 400era ailegatzen", diote. Filmak nahiz telesailak nahieran ikustea eskaintzen duten plataforma digitalen eragina garbia dela iritzi diote liburutegiko arduradunek, baina gogora ekarri dute eLiburutegiaren pareko zerbitzua eskaintzen dutela Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek sarean ikus-entzunezkoentzat: eFilm. "Ondo funtzionatzen duen zerbitzua" da, eta "jende askok galdetzen" die zerbitzu horri buruz Azpeitiko liburutegikoei; erabiltzailea sortuta eta dagokien pasahitzarekin, herritarrek e-Filmen katalogoko hiru film ikus ditzakete astebeteko epean, online.

Harrobia lantzen

Perfilari dagokionez, azkenaldian erabiltzaileen batez besteko adina "asko" igo dela diote liburutegiko zerbitzuaren arduradunek, "eta gizonezkoen kopurua ere igo egin da, batez ere jubilatuen artean". 173 bazkide berri gehitu zituzten iaz liburutegian, 94 heldu (50 emakumezko eta 44 gizonezko) eta 76 haur (37 emakumezko eta 42 gizonezko).

Irakurle txokoak ere badituzte liburutegian, helduenak zein haurrenak, azken horiek adinka antolatuta. Hain zuzen ere, irakurle gazteekin ahalegin berezia egiten ari dira liburutegian, haientzako ekitaldi eta eskaintza ahalik eta erakargarrienak osatzeko lanean murgilduta. Harrobi lana egiteari garrantzia ematen diote, izan ere.