Oñati eta Tolosa, Azpeitiaren lehen aurkariak Gipuzkoako Herriarteko txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko api. 20a, 21:11
2019an Izarraitz pilotalekuan jokatutako partida bateko irudia.

Eskuzko modalitatean Oñatiren aurka hasiko du Azpeitiak aurtengo ibilbidea, eta gomazko paleta modalitatean Tolosaren aurka.

Gaur, asteartea, arratsaldean egin dituzte Gipuzkoako Herriarteko txapelketen zozketak. Urtebeteko etenaldiaren ondoren, aurten berriro itzuliko da pilotalekuetako herrien arteko dema. Hamasei herri lehiatuko dira eskuzko txapelketan, hemezortzi gomazko paletakoan, zazpi larruzko paletakoan zein pala motzekoan, eta lau zesta-puntakoan. Azpeitiak, ohi bezala, eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan parte hartuko du, eta ohiko formatuari eutsiko diote aurten ere. Txapelketan parte hartzen duen herri bakoitzaren etxean, joaneko eta itzulerako hiruna partida jokatu beharko dituzte.

Eskuzko modalitatean Oñatiren aurka jokatuko ditu final zortzirenak Azpeitiak. Joaneko partidak Oñatin jokatuko dituzte, maiatzaren 14tik 16ra bitartean. Itzulerako partidak, berriz, maiatzaren 21etik 23ra bitartean jokatuko dituzte, Azpeitian. Kanporaketa gaindituz gero, final laurdenetan Aretxabaleta edo Hernani izango dute aurkari azpeitiarrek. Azpeitia finalerdietara iritsiko balitz, berriz, Bergara, Astigarraga, Andoain edo Tolosa izango du aurkari. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finala ekainaren 26an jokatuko da.

Gomazko paleta modalitatean, bestalde, Tolosa izango du arerio Azpeitiak. Etxean dute joanekoa maiatzaren 14tik 16ra bitartean, eta itzulerakoa maiatzaren 21etik 23ra bitartean Tolosan jokatuko dute palista azpeitiarrek. Final laurdenetara sailkatuz gero, Aia edo Astigarraga izango du aurkari Azpeitiak. Azpeitia finalaerdiak jokatzeko sailkatuko balitz, berriz, Soraluze, Zumarraga, Hernani, Errenteria edo Azkoitia izango luke aurkari. Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finala ekainaren 27an jokatuko dute.