Koronabirusa Azpeitian

Bihartik perimetralki itxita egongo da Azpeitia

Anartz Izagirre 2021ko api. 19a, 13:25

Asteburuan hamazazpi positibo baieztatuta, 492,77koa da herriko intzidentzia tasa. Bihartik hasita eta gutxienez datorren asteartera arte, ezingo da herritik irten eta herrira sartu, ez bada justifikatutako arrazoiengatik; tabernen barrualdean 06:30etik 09:30era eta 13:00etik 16:30era bakarrik kontsumitu ahal izango da; eta barruko taldeko kirol jarduerak gehienez lau laguneko taldeetan egin ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta datuek ez dira onak. Hamazazpi positibo hauteman dituzte herrian —hamar ostiralean, hiru larunbatean eta lau atzo— eta koska 500era iristear da intzidentzia tasa; zehazki, 492,77koa da. Ondorioz, Azpeitia herri gorrien zerrendan sartu du Eusko Jaurlaritzak, eta bihartik hasita eta gutxienez datorren asteartera arte, are neurri murriztaileagoak egongo dira indarrean. Hiru dira neurri nagusiak: ezingo da herritik irten eta herrira sartu, ez bada justifikatutako arrazoiengatik; tabernen barrualdean 06:30etik 09:30era eta 13:00etik 16:30era bakarrik kontsumitu ahal izango da; eta barruko taldeko kirol jarduerak gehienez lau laguneko taldeetan egin ahal izango dira.

Azpeitian ez ezik Urola Kostan ere nabarmen egin du okerrera egoerak. Guztira, 190 kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera bitartean, joan zen asteburuan baino 54 gehiago, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasa dute uneotan. Horiek horrela, Azkoitiak, Oriok eta Zarautzek itxita jarraituko dute, eta bihar itxiko dute Zumaia ere. Herri txikiei dagokienean ere antzerakoa da panorama. Aia, Getaria eta Zestoa itxita izango dira bihartik aurrera; aldiz, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen lasaiagoa da egoera, eta haiek zabalik jarraituko dute.

Asteburuan, positiborik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 81. Joan zen asteko datuekin alderatuta nabarmen egin dute gora positiboek Urola Kostako herririk handienean, eta intzidentzia tasak ere goranzko joera du; gaur-gaurkoz, 1.105,07ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian ere egoera ez da askoz hobea, joan zen asteartetik eremu gorrian dago Azkoitia, eta egoerak ez dirudi hobera egiteko itxurarik duenik; izan ere, 28 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, eta 1.301,84ko intzidentzia tasa du uneotan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena. Azken astean itxita egon den hirugarren herria Orio da, eta beste hamabost positibo izan dituzte herrian azken hiru egunetan. Intzidentzia tasak gora egin du han ere, eta 1.027,40koa da uneotan.

Bestalde, Zumaian ere 28 kasu berri atzeman ditu Osasun Sailak, eta astebetean eremu laranjatik gorrira igaro da. Gaur-gaurkoz, 936,20ko intzidentzia tasa dute han, eta bihartik aurrera itxiera perimetrala izango dute.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ez du etenik COVID-19 gaitzaren hedapenak. Aian hamar kasu izan dira asteburuan, eta 1.410,58ko intzidentzia tasa dute uneotan, eskualdeko altuena. Gertutik jarraitzen dio Getariak; azken hiru egunetan lau kasu berri egon dira, 1.307,42ko intzidentzia tasa dute uneotan. Zestoan, aldiz, zazpi kasu hauteman dituzte, eta 590,65ekoa da tasa. Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratuko du bihartik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda, eta litekeena da herri horiek zerrenda horretan egotea.

Hegoaldean ere gaizki

Hego Euskal Herrian, guztira, 773 kasu positibo hauteman zituzten atzo, eta 8.624 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (302), eta, ondoren, Bizkaian (253), Nafarroan (140) eta Araban (71). Bestalde, ospitaleratze kopuruak gora egin du herrialde osoan: 495 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere gora egin du erien kopuruak: 147 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 42 Nafarroan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,7koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %10,2koa Nafarroan.