'Amatasun bizigarriak' izenburupean, formakuntza saioak eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan

Julene Frantzesena 2021ko api. 19a, 12:09

Zaintza erdigunean jarrita, amatasun sanoagoa eta bizigarriagoa egiteko hausnarketarako espazioa eratuko dute. Maiatzaren 4an hasita, lau astez eskainiko dituzte saioak, astearteetan, 17:30etik 19:30era. Apirilaren 27a izango da saioetan izena emateko azken eguna.

Jabetze Eskolen barruan, amatasunaz aritzeko aukera izango dute herritarrek. Zehazki, zaintza erdigunean jarrita, amatasun sanoagoa eta bizigarriagoa egiteko hausnarketarako espazioa eratuko dute. Izan ere, Emakumeen Txokoak jakinarazi duenez, "amatasuna politizatu, zaintza egiturak sortu, saretu, tabuak eraitsi eta autozaintza praktikatu" egin behar dira.

Amatasunaren inguruko formakuntza izango bada ere, ama ez diren herritarrek ere parte hartu ahal izango dute bertan. Maiatzaren 4an hasita, lau astez eskainiko dituzte saioak, astearteetan. Emakumeen Txokoan izango dira hitzordu guztiak, 17:30etik 19:30era, eta Ainara Gorostizuk zuzenduko ditu horiek.

Izen-ematea, baina, lehenago itxiko dute: hain zuzen ere, apirilaren 27a izango da horretarako azken eguna –emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 699 75 10 00 telefono zenbakira deituta–. Ikastaroa hamabi euro ordaindu beharko da; langabetuek eta ikasleek, berriz, zortzi euro.