Hooken lehen kontzertuak eta Trini Foxen zuzenekoak ireki dute 'Azpeitiye desegin' musika zikloa

Maialen Etxaniz 2021ko api. 19a, 10:50

Zapatuan musika izan zen protagonista beste aste batez Gaztetxean. Azpeitiye desegin musika zikloaren barruan, Azpeitiko Hook musika taldearen estreinako kontzertua izan zen zapatukoa. Trini Fox taldeak, aldiz, Ataraxia diskoa aurkeztu zuen. 

Joan den astean ekin zioten Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Azpeitiye desegin musika zikloari, No acepto dokumentalaren emanaldiarekin eta Hook zein Trini Fox musika taldeen kontzertuekin. Ostegunean eskaini zuten Euskal Herriko punk musikaren hastapenen inguruko dokumentala, eta zapatuan izan ziren zuzenekoak. 

Gaztetxeko ateak 16:30ean ireki zituzten, eta 17:00 aldera hasi ziren kontzertuak. Oholtzara igotzen aurrena Hook musika taldea izan zen. Azpeitiko taldea da Hook, eta zapatukoa taldearen lehen kontzertua izan zen. Haien ostean igo ziren Trini Foxeko musikariak, iaz kaleratu baina nahi bezala aurkezterik izan ez zuten Ataraxia diskoko abestiak jotzera. 

Maiatzean musika gehiago

Hurrengo astean Gazte Astea izango da Azpeitiko Gaztetxean, eta maiatzean jarraituko dute Azpeitiye desegin musika zikloaren barruan antolatutako egitarauarekin. Hilaren 13an Azpeitiko taldeen diskografien errepasoa egingo dute solasaldi baten bitartez. Hilaren 17an, aldiz, Baserriko Ollaxkue Labien eta Uther taldeen kontzertuak izango dira. 

Ekainean borobilduko dute egitaraua, Azpeitiko Arroite eta Ukabil musika taldeen emanaldiekin. Arroiteren lehen kontzertua izango da Gaztetxekoa. Ukabil musika taldea ere Azpeitikoa da, eta haiek joan zen urtarrilean eskaini zuten aurreneko emanaldia Gaztetxean bertan.   

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztetxie)