Herriko emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzeko proiektua aurkeztu du udalak

Anartz Izagirre 2021ko api. 14a, 17:38
Emakumeen Txokoa.

Proiektuan parte hartzeko interesa duten herritarrekin lehen bilera egingo dute datorren asteartean, 18:00etan, Emakumeen Txokoan. Azpeitian esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutzea eta errekonozitzea dira egitasmoaren helburuak.

Azpeitiko Udalak emakumeen historia aztertzeko, ikertzeko eta dibulgatzeko proiektu berri bat abiatu du, eta herrian esanguratsuak izan diren emakumeak ezagutzea eta errekonozitzea izango da egitasmoaren xedea. Emakume konkretuak identifikatzeaz gain, herriko emakumeen kolektiboak —esaterako, lixiberak, alpargaterak eta baserritarrak— ere ikertuko dira. Era berean, emakumeek historian zehar elkartzeko herriko zein leku erabiltzen zituzten aztertuko da, baita emakumeek espazio publikoa nola kudeatu izan duten ere.

Idoia Arrizabalaga Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotziaren arabera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute egitasmoan:  "Memoria kolektiboa osatzea dugu helburu, eta hori herritarren ekarpenetik eta jakinduriatik osatu nahi dugu. Gure amen eta amonen historia eta istorioetatik abiatutako memoria osatu, emakume haiei gure errekonozimendua egin eta memoriaren dibulgaziorako tresnak sortzea nahi dugu".

Izen-ematea, zabalik

Proiektuan parte hartzeko interesa dutenek datorren asteartean, hilak 20, izango dute horretarako lehen aukera, 18:00etan, Emakumeen Txokoan. Izan ere, herritarren parte hartzearen bitartez berreskuratu nahi dute memoria, eta horretarako talde eragile bat sortuko dute. Hilean behin bilduko da talde eragile hori, eta Farapi elkarteko kideek dinamizatuko dituzte bilerak.

Egitasmoan parte hartzeko interesa duten herritarrek, aurrez izena eman beharko dute emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.