Hantxe bertan

Aloña San Sebastian: "Almunian ere ospatzen da San Sebastian eguna"

Anartz Izagirre 2021ko mai. 5a, 11:08
Aloña San Sebastian. (Santiago Cabello)

30 urte baino gehiago daramatza Aloña San Sebastianek (Azpeitia, 1969) La Almunia de Doña Godinan (Zaragoza, Espainia) bizitzen. Han "gustura" bizi dela dioen arren, 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian aitortu du tarteka-marteka Euskal Herrira bueltatzen dela "pilak kargatzera".

Nolatan bizi zara La Almunia de Doña Godinan?

COU amaitu eta unibertsitateko ikasketak egitera etorri nintzen hona. 18 urterekin heldu nintzen, eta ordutik hemen bizi naiz, gaur egun nire senarra dena hemen ezagutu bainuen. Ikasten ari nintzen garaian gehiago bueltatzen nintzen Azpeitira, baina orain hemen egiten dut bizitza; izan ere, senarrak eta biok esan genuen lana topatzen genuen lekuan jarriko ginela bizitzen.

Zertan egiten duzu lan?

Nire senarrak lorategien eta kirol instalazioen mantenuko enpresa bat du; besteak beste, futbol zelaien, golf zelaien eta lorategien mantenuaz arduratzen da. 2010. urtetik bertan egiten dut lan.

Nolakoa da La Almunia de Doña Godina?

Herri txikia da, 7.000 eta 8.000 bizanle artean ditu; beraz, Azpeitia baino txikiagoa da, nahiz eta eremu zabala duen herria izan. Eskualdeko hiriburua da Almunia, eta inguruko herri txikietako jende asko etortzen da enkarguak egitera. Etorri eta berehala egokitu nintzen ni Almuniara, eta ez dut inoiz arazorik izan. Ondo hartu naute, eta ondo moldatu naiz guztiekin.

Zer berezitasun ditu inguru horrek?

Euskal Herriarekin alderatuta, oso leku desberdina da. Hemendik gertuen dauden mendilerroak Algairen eta Vicor dira; Azpeitia, berriz, mendiz inguratuta dago. Hemen zuhaitz txikiak, erromeroa eta fruta-arbolak daude; inguru lehorra da, baina baditu Euskal Herriak ez dituen hainbat berezitasun ere.

Horiez gain, zer beste desberdintasun topatu dituzu Almuniaren eta Euskal Herriaren artean?

Etorri nintzenean orain baino txikiagoa zen Almunia. Inpresioa egin zidan hemen etxe guztiak txikiak zirela ikusteak, eta kaleak zein herriaren forma bera ere oso desberdinak dira Azpeitiarekin alderatuta. Udaberrian, fruta-arbolak lorez betetzen direnean, oso itxura polita hartzen du inguruak. Bestalde, bada Azpeitiak eta Almuniak komunean duten zerbait; izan ere, hemen ere ospatzen da San Sebastian eguna. Ez da danborradarik egiten, baina festa egun horretan jai izaten dugu behintzat [barrez].

Koronabirusa heldu da hara ere. Zer-nolako eragina izan du zuen egunerokotasunean?

Guri laneko jardunean asko eragin digu izurriteak. Izan ere, Espainia osoan egiten dugu lan, eta asko mugitu behar izaten dugu batetik bestera. Orain, Andaluzian ari gara lanean, eta han lo egiteko zein jateko lekua behar dituzte langileek. Azken hilabeteetan oso murriztuta egon da hori guztia, eta hotelen partez, apartamentuak topatu behar izan ditugu langileentzat. Mugikortasun mugek eragin handia izan dute gugan.

Askotan bueltatzen al zara Azpeitira?

Normalean, oporrak ditugun aldiro itzultzen gara, baina joan zen urtean ezin izan genuen horra joan Gabonetan. Irailean izan nuen joateko aukera bakarra. Hala eta guztiz ere, udan, Aste Santuan eta beste hainbatetan ere bueltatu ohi gara herrira.

Azpeitiko zeren falta sumatzen duzu?

Familiarena eta lagunena. Horrez gain, horra joaten naizenean, Azpeitira ez ezik, Ataunera [Gipuzkoa] ere joaten gara, nire ama hangoa baita; gainera, nire ahizpa han bizi da. Lizarrustitik igarotzen naizenean eta inguru berdea ikusten hasten naizenean, pilak kargatzen zaizkit.

Eta sorterriko albisteen berririk izaten al duzu?

Bai, noski. Azpeitira joaten naizen aldiro, ahal dudan guztietan lagunekin gelditzen ahalegintzen naiz, eta hango kontuak kontatzen dizkidate.