'Ikasi zaintzen' kanpaina Azpeitira iritsiko da, zaintzaileei beharrezko ziurtagiria eskuratzen laguntzeko

Ihintza Elustondo 2021ko api. 8a, 08:04

Bidez Bide elkarteak sustatu du kanpaina, behin-behineko gaikuntza izan eta lurraldean mendekotasuna duten adinekoen zaintzaile gisa lan egiten dutenei informazioa emateko. Emakumeen Txokoan izango dira apirilaren 12an, 19an eta 26an, 16:00etatik 19:00etara.

Bidez Bide elkartea Ikasi zaintzeko kanpaina sustatzen ari da Gipuzkoan, zaintzaile gisa lan egiten dutenei laguntzeko asmoz. Honako hau da egitasmoaren helburua: behin-behineko gaikuntza izan eta lurraldean mendekotasuna duten adinekoen zaintzaile gisa lan egiten dutenei informazioa, orientazioa eta aholkularitza doan ematea, haien familiek Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) jasotzen duten kasuetan.

Zaintza lan horiek egiteko, Mendeko Pertsonei Gizarte Erakundeetan Gizarte eta Osasun Arreta Emateko Profesionaltasun Ziurtagiria atera behar dute. Gainera, 2022ko abenduaren 31ra arteko epea dute hori lortzeko. Horri irtenbidea ematea da Bidez Bide elkartearen helburua.

Hain zuzen ere, kanpainaren bidez, ziurtagiri hori eskuratzeko behar diren edukien eta baldintzen berri emango diete behin-behineko gaikuntza duten eta Azpeitiko eta Azkoitiko herrietan lan egiten duten zaintzaile guztiei, baita Gipuzkoako prestakuntza zentroen berri eman ere. Horretarako, Azpeitiko Emakumeen Txokoan izango dira apirilaren 12an, 19an eta 26an, 16:00etatik 19:00etara. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: formacionbidezbide@gmail.com.