Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo berrirekin, zertxobait gora egin du Azpeitiko intzidentzia tasak

Osakidetzak emandako datuen arabera, lau positibo zenbatu zituzten atzo herrian. Intzidentzia tasa apur bat igo da; 151,42tik 170,83ra, hain zuzen ere. Eskualdean nabarmen egin dute gora kasu positiboek.

Azken egunetako joera berretsi egin dute Osakidetzak plazaratu berri duen koronabirusaren bilakaeraren txosteneko datuek. Gorantz doa egunez egun COVID-19a duten pertsona kopurua, eta herenegundik atzora ez da edonolakoa izan jauzia eskualdean. Denera 38 kasu atzeman zituzten eskualdeko herrietan egun bakarrean, herenegun baino hamazazpi gehiago.

Azpeitian, lau positibo atzeman zituzten atzo, herenegun baino bat gehiago, eta apur bat igo da tasa herri horretan; 151,42tik 170,83ra, hain zuzen ere. Horrenbestez, eremu horian jarraitzen du herriak.

Daturik kezkagarrienak Azkoitia eta Zarauzkoak dira, izan ere,  atzo bost positibo berri atzemanda eremu gorrian sartu da Azkoitia. 400,57ko intzidentzia tasa du herriak orain, baina itxiera perimetrala ezarri beharreko herrien zerrenda datorren astelehenean eguneratuko denez, oraingoz, neurrietan ez du eraginik izango eremu gorrian sartu izanak.

Zarautzen, berriz, hamazazpi kasu atzeman dituzte egun bakarrean. Ia herenegun atzemandako kasuen bikoitza zenbatuta, eremu laranjan sartu da kostako herria. Gaur-gaurkoz, 329,81ekoa da intzidentzia tasa herri horretan, eta 278,41koa zen atzo. Getarian ere igoera nabarmena izan da: lau kasu berri zenbatu zituzten atzo herri horretan, eta intzidentzia tasa 459,36ekoa izatetik 600,71koa izatera igaro da egun bakarrean.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere gora egin dute kasuek eta hamalau eguneko kasu metatuen tasak. Aian positibo berri bat atzeman zuten eta mantendu egin da intzidentzia tasa: 755,67koa da. Orion ere positibo bat atzeman zuten, eta apur bat egin du gora herri horretan intzidentzia tasak (212tik 228,31ra). Zestoan eta Zumaian hiruna kasu atzeman zituzten atzokoan, bietan aurreko egunetan baino gehiago. Zumaian gora egin du intzidentzia tasak; 234,05etik 244,23ra igo da. Zestoan, berriz, 256,81ean mantendu da.

%7,9ko positibotasun tasa

Herenegungo datuei erreparatuta, behera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasak. Atzo %8,7koa zen, eta gaurko datuekin %7,9koa da. 9.247 proba diagnostiko egin zituzten guztira, eta horietatik 731k eman zuten positibo hiru lurralde horietan.

Ospitaleetako datuak gazi-gozoak dira. Azkenaldian izandako ospitaleratze gehien izan ziren atzokoan: 66; eta ospitaleratuta dauden lagunen kopurua igo egin da apur bat: 364tik 369ra. Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionean, ordea, jaitsi egin da apur bat bertan dauden pertsonen kopurua, oraindik oso altua izaten jarraitzen duen arren: 105 ziren herenegun, eta 100 atzo.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide