Koronabirusa Azpeitian

Kasu positiboak, joan den asteko antzeko joeran

Andoni Elduaien 2021ko api. 2a, 14:47

Azken astean 11 kasu positibo hauteman dituzte herrian, joan den astean baino bat gutxiago. Gutxi bada ere intzidentzia tasa joan den ostiralekoa baino altuagoa da.

Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuekin eguneratu du gaur, ostiralarekin, koronabirusaren datuen gaineko txostena. Dokumentuak jasotzen duen informazioaren arabera, Azpeitian lau kasu positibo detektatu zituzten asteazkenean eta atzo, osteguna, egindako probetan –bat asteazkenean eta hiru atzo–. Intzidentzia tasak ere gora egin du ondorioz Azpeitian, eta 151,12an dago egun. Azken astean 11 kasu positibo zenbatu dituzte herrian, eta kasuen kurba oso mantso bada ere, goranzko joera hasi da hartzen, grafikoan ikus daitekeen moduan. 

Urola Kosta eskualdean guztira 36 positibo detektatu zituzten asteazkenean eta ostegunean egindako testetan. Positibo kopururik handiena Azkoitian izan dute, zortzi kasurekin, eta 208,63an dute intzidentzia tasa. Orion eta Zumaian seina kasu izan dira azken egunetan, eta 163,08ko eta 203,52ko tasak dituzte, hurrenez hurren. Zarautzen, aldiz –209,88ko tasa–, bost kasu zenbatu ditu Osakidetzak.

Azpeitian lau kasu zenbatu dituzte, eta 151,12an dute tasa momentu honetan, eta Getarian –212,01– eta Aian –755,67– hiruna izan dira. Zestoan, berriz, kasu bakarra zenbatu dute –231,12ko tasa–. Gainontzeko herrietan ez da positiborik izan. Azken egunetan izaten ari den goranzko joera nabarmenaren ondorioz, eskualdeko bost herri daude eremu horian momentu honetan: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere.

807 positibo hegoaldean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak jakinarazi dutenez, guztira 807 detektatu dira atzo Hego Euskal Herrian egindako probetan. Araban 92 izan ziren, Bizkaian 264, Gipuzkoan 207 eta 154 Nafarroan; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman dute positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.223 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %9,1ekoa izan zen. Nafarroan, aldiz, kutsatze tasa %8,3koa da atzoko positiboen ondoren.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 46 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur gaurkoz, 284 pertsona daude ingresatuta, horietatik 91 Zainketa Intentsiboen Unitatean. RO Indizeari dagokionez, 1,08koa da bataz beste hiru lurraldeetan.