Gutuna

Azpeitiko Guggenheim

Jexux Arrizabalaga 2021ko mar. 31a, 17:24

Jexux Arrizabalagak honako gutun hau bidali du Uztarriara, Corrugadosen inguruan duen ikuspuntua azaltzeko.

Donostia aldetik datorren bidetik Azpeitian sartzera nindoan lagun batzuekin. Horien artean ezaguna den azpeitiar poeta batekin; "Horra non gure Guggenheim" esan zuen lagun poetak. Aurre-aurrean, herdoilak hartutako eraikin erraldoia.

Cristian Lay izeneko batena omen da oraingo Corrugados Azpeitia. Lehena, Garrido izeneko extremadurar batena zen, eta horren aurretik Marcial Ucin azpeitiarrarena eta bere familiarena.

Duela zortzi urte arte, enpresa horrek txatarretik abiatu eta eraikuntzarako kabila ekoiztu izan du. Lehengaia txatarra da, eta argindarrez baliatutako labeak erabili izan ditu. Asteburuetan argindarra merkeagoa denez, egun horiek probestu izan ditu lan ordu gehiago egiteko, asteburuak eta batez ere gauak.

Inguruko makina-lanabes lantegietatik jasotzen zuten txatar-biltzaileek txarra; baina, batez ere, Pasaiako portuan, oker ez banago Lezoko zatian oraindik ere han dagoen txatartegitik hartzen zuten txatarra. Lezoko herritarrek ondo ezagutzen dute gune hori; izan ere, itsasontziek txatarra ekartzen zutenean eta hego haizea zegoenean, herriko bazterrak ke eta laino zikinez betetzen ziren. Gainera, noizbait, ez dakit nondik ekarritakoa zelako erradioaktiboa zen txatarra ere sartu izan zuten.

Ekoiztu izan duten haga edo barila ekoizteko, argindar asko kontsumitzeaz gain, ur asko ere behar da. Horregatik dago lantegi hori Ibaieder eta Urola ibaien tartean kokaturik. Eta jakina, bi ibai horiek, inguru horretan behintzat, kutsatu egin izan dira. Orain, ur garbi-garbia ari da pasatzen. Amuko zubi ederra, bertan dagoen presa eta Belokineko kanala ziren gure gazte denborako igerileku nagusiak. Bazter horiek ez dakit nola dauden egun.

Lantegi horretan lan egin izan dutenak, gehienak, bederen, Azpeitia eta inguruko baserrietako semeak izan dira bere historian. Soldata onak irabazten zituzten, baina lan-baldintza gogorretan lan eginez. Uda partean batez ere, 60 graduko tenperaturetan lan eginez, eta istripu asko jasanez. 

Orain, herritar gazte asko ondo prestatuta eta ikasketekin daudenez, ona izango litzateke lantegi horretako istripuen eta heriotzen historia egingo balitz. Eta posible balitz, baita Abitainera gaixotasunak eraginda eta garaiz baino lehenago joan direnen zerrenda egingo balitz ere. Uste dut sindikatuek izango dituztela datuak.

Europar Batasunean gaudenean eta ingurumenaren zaintzari garrantzia ematen zaionean, herri baten erdian hirugarren munduko horrelako lantegi bat berrabiarazi nahi izatea ez da desiragarria azpeitiarrentzat ez beste inorentzat.

Duela zortzi urte lantegia itxi behar zutela-eta kezka sortu zen herrian, batez ere, hango langileak langabezian geldituko zirelako eta herriaren etorkizun ekonomikorako oso kaltegarria izango zela uste zelako.

Esan behar da, gaur egun, Azpeitiko herriak jakin izan duela buelta ematen egoerari eta langabeziaren kopurua ez dela inguruko herrietakoa baIno altuagoa. Azpeitian %7,9 da langabezi kopurua, eta Gipuzkoan %9,6.

Halaber, amaitu baino lehen, aipatu nahi dut lantegi horrek herriko eguratsa kutsatzen zuela, eta inguruko bazterrak kedarrez bezten zirela, balkoietan esekitako arropak ere kedar beltzez zikinduz.

Uste dut azpeitiarrok pozik izango garela lantegi hori desegiten denean.