Aste Santuko oporraldia, arnasa apur bat hartzeko

Andoni Elduaien 2021ko mar. 31a, 14:44
Txanpardin landetxea.

Hastear da Aste Santuko oporraldia. Jende askok utziko ditu beren lantokiak, hara eta hona mugitzeko. Halere, jakina da, aurten ez da nahieran mugitzerik izango. Herriko landetxeak eta hotelak turistak hartzeko prest dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunek hiru lurralde horien artean mugitu ahal izango dute Aste Santuan. Halaber, ezingo dute irten herrian edota lurraldean itxiera perimetrala ezarrita baldin badute. Aste Santua iristeko zain-zain egon ohi dira herriko landetxeak eta hotelak, baina aurtengoan zapore gazi-gozoa dute.

Txanpardin landetxeko Pili Ezenarrok dioenez, Aste Santurako "jende gutxik" egin du erreserba beren landetxean. "Lau gauetarako erreserba dugu, bi gelatan banatuta", adierazi du. Duela pare bat aste hasi zen erreserben mugimendua Txanpardinen, eta %40 besterik ez dute erreserbatuta. Osasun egoera bestelakoa balitz, beren landetxean ere bestelako mugimendua izango zen. Halere, eta bestelako erabakietatik salbuetsita, Ezenarrok landetxean duen apartamendua langile batzuei alokatuta du datorren ekainera bitartean. "Normalean ez da izaten hori gure ohitura, baina alokairuan jartzea erabaki nuen egungo egoera ikusita. Dagoen egoerarekin ez du ziurtasunik ematen ezertarako". Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bisitariak jaso ahalko dituzte aurten landetxean, baina oraingoz erreserba egin duten lagunak bizkaitarrak direla jakinarazi du Ezenarrok.

Horren erreserba gutxi izatea zergatik den garbi du landetxeko arduradunak. "Gureak bezalako landetxeak betetzeko, Donostiak bete behar du lehenik turistaz, eta orain ez da horrela. Atzerritarrek Donostiara joan behar dute, gero haiek guztiak barrualdeko landetxeetara sakabanatzeko". Ezenarrok "oso zaila" ikusten du euskal herritarrek landetxeetan ostatu hartzea. "Egungo egoeragatik, jendea ez da egonaldiak egitera aterako, egunpasak-eta egingo ditu; izan ere, ordubeteko bidea dago hemendik Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako edozein lekutara. Eguna nonbaiten pasatu, eta ondoren gaua pasatzera etxera joango da jendea". Ezenarrok dio baduela hartuemana Gipuzkoako landetxe eta hotel batzuetako jabeekin, eta haien arabera, "nahikoa leku" dago kostaldeko ostatuetan ere.

Ezenarro azken unean erreserbaren bat ezeztatuko ote zaion "beldurrez" dagoela. Eguraldi txarra iragartzen badute, etxean egoteko moduko eguraldia egiten badu... Gainera, gero tabernak-eta 20:00etarako itxita daude", adierazi du kezkatuta. 

Larrañagan, bestalde, egoera bestelakoa izango da Aste Santuan. Hotelaz gain jatetxea ere bada Larrañaga, eta Olatz Galarraga arduradunak dioenez, bihartik larunbatera bitartean hotela zein jatetxea "beteta" daude; jatetxean, gainera, iganderako eta astelehenerako ere erreserba asko dituztela adierazi du Galarragak. Duela pare bat aste nabaritu zuten Larrañagan ere erreserben mugimendua. "Ikusten da jendeak gose handia duela herritik ateratzeko eta ibiltzeko", azpimarratu du. Pazko asterako, berriz, "erreserba gutxiago" dute. 

Datozen hiru egunetarako zortzi gela dituzte erreserbatuta hotelean. "Erreserba familia bateko kideek egin dute, eta guztiak elkarrekin etorriko dira gurera", adierazi du Galarragak. Itxura guztien arabera, bizkaitarren mugimendua ikusiko da eskualdean; izan ere, Larrañagan erreserba egin duten pertsonak ere bizkaitarrak direla adierazi du arduradunak.

Egungo osasun egoerari, oro har, "ahal den neurri onenak hartuta" ari dira erantzuten Larrañagan. "Orain lau pertsonako mahaiak jarri behar ditugu gehienez; taldea lau pertsona baino gehiagokoa bada, askok eskatzen digute elkarrekin jartzeko. Jendea saiatzen da hori esaten, baina legeak errespetatuta guk ezin dugu hori egin", adierazi du arduradunak.