Aste Santuan turismo bulegoa irekita egongo da bisitarientzat

Andoni Elduaien 2021ko mar. 31a, 10:49
Igarako errota.

Azpeitiko Udalak Aste Santurako eskaintzaren berri eman du, herrian bertan ikusi eta gozatu ahal diren puntuen berri emanez. Era berean, bihartik aurrera Igarako errota eta lurrun trena bisitatzeko aukera ere izango da Azpeitian.

Aste Santuan Azpeitiko turismo bulegoa irekita egongo da. Ostegunetik igandera bitartean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekiko ditu ateak Basazabal jauregiko beheko solairuan dagoen turismo bulegoak.

"Herri bizia gara, eta bizitzeko moduko herria dugu. Euskaraz gorde dugu altxorra, eta euskaraz bizi gara herriko plazan. Oinezkotutako plazan ditugu bisitariek ezagutu beharreko hainbat puntu: Sanagustin kulturgunea; kulturgune bilakatutako eliza; udaletxea eta eraberrituta ireki berri dugun azoka plaza. Bada zer ikusia, zer sentitua eta zer bizitua gure herrian, eta Aste Santua paregabea da horretarako", azaldu du udalak. Loiola, Izarraitz, Parrokia, Madalenako erietxea, Izarraizko atea parkea, Basazabal eta beste hainbat naturgune zein ondare historiko ere "ezagutzeko" guneak direla azpimarratu du. 

Igarako errota, martxan

Igarako errota ezagutzeko aukera ere izango dute herritar zein bisitariek apirilaren 1etik 4ra bitartean. XXVIII. mendekoa da errota, eta Loiolatik metro gutxira dagoen "altxorrak" garai hartan nola funtzionatzen zuten ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du. Ostegunetik igandera, egunero 12:00etan irekiko dute errota, eta bisita gidatua egingo da Ekoetxeako hezitzaileek gidatuta. Bisitak doakoak izango dira, eta errota ezagutu nahi duenak ordurako errota aurrera azaltzea nahikoa izango du.  

Lurrun trena, bihartik aurrera

Lurrun trenaren 2021. urteko denboraldia, bestalde, bihar, apirilak 1, jarriko da martxan. Bihar hasi eta datorren astelehenera arte, egunero bi joan-etorri egingo ditu trenak. Lehen bidaia goizean, 11:00etan izango da, eta bigarren bidaia arratsaldean, 16:30ean. Beharrezkoa balitz, ordea, Tren Museoko kideek ez dute baztertzen errefortzu bidaiak egitea.

Tren Museoa, bestalde, 10:30ean, 14:00etan, 16:00etan eta 19:30ean bisitatu ahal izango da. Aste Santuaren ondoren, azarora arte jarraituko du martxan lurrunezko trenak, baina bidaiak asteburuetan eta jaiegunetan egingo ditu bakarrik. Aste Santuaren ondoren, beraz, lurrunezko tresnak 12:00etan eta 17:00etan egingo ditu bidaia larunbatetan, eta 12:00etan igandeetan.

Autokarabanentzako gunea

Iazko udatik, autokarabanan etortzen diren bisitarientzako gunea dago egokituta Goenako naturgunean. Zerbitzugune horrek autokarabanak aparkatzeko espazioa du, eta ur-hartuneak ere bai –urak botatzeko eta hartzeko–. Doako zerbitzua da, eta erabiltzaileek gunea erabili ondoren, "egoera higieniko onenean" utzi beharko dute. Gehienez ere 72 ordu egon ahal izango dute jarraian karabanek.