Joxe Takolori eskainitako erakusketa ireki dute Lagun Onak MBren egoitzan

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 26a, 20:21

Mendizaleen elkarteak bere 75. urteurreneko ekitaldien barruan prestatu du, Enekoitz Esnaolaren eta Julen Etxeberriaren proposamenari eutsita. Mendigoizale zenaren hainbat argazki ez ezik, Takolok berak mendian erabilitako material ugari ere ikus daiteke erakusketan. Maiatzaren 30era arte, Xoxoteko Eguna, ikusgai izango da.

Pandemiak pandemia, ekitaldiz eta egitasmoz beteta ari da ospatzen Lagun Onak Mendi Bazkuna bere 75. urteurrena. Gaur, urteurren horren harira prestatu duten beste egitasmo bat aurkeztu dute mendizale elkartekoek: Joxe Urbieta Takolo zenari eskainitako erakusketa. Mendizaleen egoitzan bertan jarri duten erakusketa maiatzaren 30era bitartean egongo da ikusgai; aurtengo Xoxoteko Egunera arte, alegia.

Enekoitz Esnaolaren eta Julen Etxeberriaren proposamenari eutsita antolatu du Lagun Onak MBk Takolori buruzko erakusketa. 2000. urteko abuztuaren 12an hil zen mendizale azpeitiarra eta 2001ean argitaratu zuen Uztarriak Takoloren biografia liburua, Esnaolak idatzitakoa. Etxeberria, berriz, Takoloren iloba da, eta osabak gordetako hainbat tresnarekin osatu dute erakusketa: hainbat argazki eta prentsa errekorte ez ezik, Takolok mendian erabilitako hainbat material jarri dute erakusgai, tartean Everesteko espedizioan erabilitakoak, eta hori da erakusketaren "berritasun nagusia". Esnaolak aurkezpenean azaldu du iazko karnabaletan bururatu zitzaiela Etxeberriari eta berari erakusketaren ideia, eta joan den udazkenean proposatu zieten Lagun Onakekoie; pandemiaren gorabeherek atzeratu egin zuten asmoa, baina gauzatu dute, azkenean.

Arrastoa utzi zuen gizona

Joxe Takolo mendizale aitzindaria izan zen, batik bat Azpeitian eta inguruetan. Haren mendiko ibilbidearen eta izaeraren zertzelada batzuk eman ditu Esnaolak erakusketaren inaugurazioan. Takoloren lagun batzuek hura hil berritan komunikabideetara igorritako gutun batean ziotena ekarri du gogora kazetariak amaieran: "“Zure ametsa bete da: igaro izan zaren lekuetan zure arrastoa utzi duzu”. "Erakusketa honekin berriro oroitu nahi da Joxe", esan du Esnaolak. Takolok utzitako arrastoaren adibide bat izan da Lorenzo Nogues mendizale aragoiarrak gaurkorako espreski bidalitako grabazioa; Takoloren lagunmina, Azpeitian egotekoa zen gaur, baina pandemiaren gorabeherek ezinezkoa egin dute haren asmoa. Horregatik, hunkituta grabatutako hitz batzuk bidali nahi izan ditu, Takolori gorazarre eginez.

Arantxa Larrañaga Lagun Onak MBren lehendakariak ere hartu du hitza inaugurazioan. Esnaolaren eta Etxeberriaren ekimena eskertu ditu eta herritar guztiak gonbidatu ditu bai gaurtik ikusgai den erakusketa ikustera, bai elkarteak dagoeneko martxan dituen zein datozen hilabeteetan antolatuko dituen ekimenetan parte hartzera.