Koronabirusa Azpeitian

Egonkor jarraitzen du Azpeitiko egoerak

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 26a, 12:42

Atzo hiru positibo baieztatu zituzten herrian, aste guztian hamabi izan dira, eta intzidentzia tasaren bilakaera baikorra da. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua 124,84 da gaur, atzo baino altuxeagoa da, baina abuztuaz geroztik ez zen egon azken bi egunotako mailan.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo hiru positibo atzeman zituzten herrian; horiekin, hamabi dira aste guztian zenbatu dituztenak. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua 124,84 da gaur, atzo baino altuxeagoa —118,26—, baina, hala ere, oso datu baikorra: azken bi egunotako herriko intzidentzia tasa abuztuaz geroztik izan den baxuena da. Beraz, herriko egoera egonkorra dela esan daiteke. Tarteka-tarteka positibo gehiago baieztatzen dituzten egunak izaten diren arren, azkenaldian bat eta erdiren bueltan dabil egunean hautematen duten positiboen kopurua.

Eskualdean, hamasei positibo zenbatu zituzten atzo. Azpeitiko hiruez gain, bost baieztatu zituzten Zarautzen, hiruna Aian eta Zumaian, eta bana Azkoitian eta Zestoan. Aste guztiko datuak kontuan hartzera, berriz, 69 izan dira Urola Kostan hauteman dituzten kasu positiboak. Azpeitiko hamabiez gain, 30 zenbatu dituzte Zarautzen, zortzi Zestoan, zazpi Zumaian, sei Aian, lau Azkoitian eta bi Orion. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu bat bera ere izan aste guztian.

5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak eremu horian daude gaur-gaurkoz. Intzidentzia tasarik altuena Zarautzek du, 239,86koa; eta baxuena Azkoitiak, 75,11koa. Zumaiak 203,52koa du eta Oriok 114,16koa.

Hego Euskal Herrian, 800dik gora positibo

Hego Euskal Herriko datuak, berriz, kezkagarriak dira. Azken sei asteetako kasu gehien atzeman zituzten atzo, 811, eta positiboen tasak ere gora egin du: koronabirusa detektatzeko egindako proben %6,5k eman zuten positibo. Gainera, Nafarroako datua nabarmen okerragoa da: %8,6koa da tasa. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 293. Nafarroan 207 izan ziren, Gipuzkoan 199 eta Araban 104.

Atzo koronabirusa zuten 47 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz 324 lagun daude guztira, horietatik 83 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU).