Ezohiko urtea ekonomikoki "osasuntsu" itxi du udalak

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 24a, 19:25
Atzoko udalbatzarra. (Azpeitiko Udala)

2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuten atzoko udalbatzarrean. 23.623.096,44 eurokoa izan zen iazko behin betiko aurrekontua, %74,63koa izan zen aurreikusitako gastuen exekuzio maila, eta %83koa diru-sarreren betetze maila.

2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuen Udal Gobernuak atzoko udalbatzarrean. Koronabirusaren pandemiaren itzal luzearen pean, iazkoa "ekitaldi oso berezia" izan zela gogora ekarriz hasi zituen bere azalpenak Nagore Alkorta alkateak. "Espero ez genuen errealitate bati aurre egin behar izan diogu, eta lehentasun batzuk finkatu, gizarte babesean eta ekonomiaren sustapenean zentratuta". Alkatearen esanetan, "aurreko urteetako kudeaketa onak" egoera horri aurre egiteko aukera erraztu zion udalari.

Joan den urteko kontu guztiak itxita, 23.623.096,44 eurokoa izan da Azpeitiko Udalaren 2020ko behin betiko aurrekontua. "Urteko kontuen itxierak udalaren egoera ekonomikoaren inguruko datu eta adierazle asko ematen ditu, hor ikusten da zein den udalaren momentuko egoera ekonomikoa eta finantzarioa", azaldu zuen Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, egoera horren zer-nolakoak xehetu aurretik. Aurrekusitako gastuen exekuzioa %74,63koa izan da 2020an, "urtea izan den bezalakoa izateko, gustura egoteko moduko datua", Goenagarentzat.

Iazko martxoan "mundua gelditu egin zela ematen bazuen ere", datu horrek erakusten du, batzordeburuaren aburuz, "aurrera egin genuela, udalak bere ohiko jardunari eutsi egin ziola eta egoera berriari aurre egiten jakin zuela". Horren adibide aipatu zituen, batetik, merkataritzan, ostalaritzan, norbanakoen artean zein familietan "sortu ziren beharrei aurre egiteko" milioi bat pasa euro bideratu zituela udalak, kreditu aldaketa bidez; eta bestetik, aurrekontuetan aurreikusita zituzten proiektuak garatzeko gaitasuna ere izan zuela udalak. "Egia da momentu batean hainbat inbertsio gelditu edo albo batera utzi genituela, eta uste dut hori egitea tokatzen zitzaigula, lehentasunak beste leku batzuetan zeudelako. Baina egia da ere, urtea bukatzerako berriro heldu zitzaiela proiektuei eta horiek martxan jartzeko bideei eutsi zaiela, eta 2021. urtean ere horretan jarraituko dugula".

Aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez, berriz, %83koa izan da betetze maila, eta datu horrekin ere pozik agertu zen atzo Goenaga, egoeraren berezitasuna eta zailtasunak kontuan hartuta. "Aurreikuspenak zuhurtzia handiz egin ziren urte hasieran", esan zuen, eta sarreren beherakada nagusia foru funtsaren ekarpenaren murrizketari egotzi zion; aurreikusitakoa baino milioi bat euro gutxiago jaso zituen udalak bide horretatik. "Udalen diru-sarreren beherakada errealitate bat izan da 2020an, eta 2021ean ere hala izango da", adierazi zuen Ogasun batzordeburuak.

Egoera ekonomiko "ona"

Iazko kontuen likidazioa azalduta, Azpeitiko Udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela baieztatzen duten datuez hitz egin zuen Goenagak. "Legeak erakunde publikoei ezartzen dizkien aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu arauak betetzen" ditu udalak. %8koa da erakundearen gaur egungo zor bizia, "legeak ezartzen duen mugatik oso urruti" –%77an dago muga hori–. Udalak uneotan mailegu bakarra duela ere argitu zuen Goenagak, mailegu hori 2027an likidatuko dela zehaztuta.

Diru gerakinari dagokionez, 16.308.461,87 euroko gerakin gordina du udalak; kopuru horren zati bat dagoeneko konprometituta dago, ordea, eta horrenbestez, gerakin garbia edo erabilgarria 11.374.501,10 eurokoa da.

Egoera ekonomiko "osasuntsu" hori "berme handia" da, Goenagarentzat, aurrera begira jartzeko: "Ez dakigu nolakoa izango den 2021. urtea, ez dirudi denok nahiko genukeen modukoa izango denik. Ziurgabetasunez betetako urtea izango da, pandemiaren ondorioak tarteko, baina guzti horri erantzuteko bermea ematen duen egoera ekonomikoan aurkitzen da Azpeitiko Udala momentu honetan".