Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo bat zenbatu du Osasun Sailak herrian

Amaia Urbieta 2021ko mar. 24a, 13:44

Intzidentzia tasak behera egin du atzo kasu bakarra zenbatu ondoren. Hego Euskal Herrian, bestalde, berriz ere 500eko langa gainditu dute positiboek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera jasotzen duen txostena eta, horren arabera, atzo kasu positibo bat atzeman zuten Azpeitian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa jaitsi egin da atzoz geroztik; 170,83tik 151,12era egin du behera.

Urola Kosta eskualdean, ostera, hamabi lagunek eman zuten atzo positibo COVID-19a atzemateko proban. Berriro ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: bost. Herenegun ez zuten positibo bat bera ere zenbatu herri horretan, beraz, jaitsi egin da apur bat kostako herriko 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko: 269,84 zen atzo, eta 265,56 da orain. Zoritxarrez, gaurko datuei erreparatuta, badirudi salbuespena izan zela atzokoa, eta Zarautzen joerak goranzkoa izaten jarraitzen duela.

Gainontzeko kasuak ondorengo herrietan baieztatu zituzten: Zestoan hiru, Zumaian bi eta bat Aian. Zestoan atzo ere hiru kasu atzeman dituzte, eta igo egin da herri horretan intzidentzia tasa 231,12koa zen atzo eta 256,81ekoa da gaur; Zumaian ere igo egin da tasa apur bat, 183,17tik 193,34ra; eta Aian 151,13koa da intzidentzia tasa. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk atzeman atzokoan. Orokorrean, gorabeheratsu dabiltza egunotan Urola Kostako herrietako intzidentzia tasak. Herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta kontroletik kanpoko igoerarik sumatzen ez den arren, badirudi beheranzko joeratik urrun dagoela eskualdea, orokorrean.

500eko langatik gora

Hego Euskal Herriko datu orokorragoei erreparatuta, Osasun Sailaren eta Osasunbidearen arabera 14.058 proba diagnostiko egin dituzte guztira Hegoaldean, eta horietatik 627k eman dute positibo. Positibo gehien Bizkaian zenbatu zituzten: 256. Gipuzkoan 150 zenbatu zituzten, Nafarroan 117, 99 Araban, eta bost lurralde horietatik kanpo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,2koa Nafarroan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, ez dute hobera egin zenbakiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 47 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, ia herenegun bezainbeste, eta ZIUn dagoen herritar kopurua bera da atzotik: 81. Ospitaleratuta daudenen zifrak, berriz, gora egin du apur bat: 243 daude gaur, atzo baino hiru gehiago.