Mailu Sudupe 'Egurrola': "Gehiago gustatu izan zait soinua, baina errazagoa da panderoa hartu eta jotzen hastea"

Nerea Uranga 2021ko mar. 16a, 10:23

Mailu Sudupe Egurrola (Azkoitia, 1958) pandero jotzailea Martirieta auzoko Egurrola baserrikoa da izatez. Etxean jaso zuen trikitirako zaletasuna. "Gurean aita zenari gustatzen zitzaion gehiena trikiti mundua; pandero jotzailea zen hura", dio Sudupek. 13 urte zituenean, Euskal Herriko Trikiti Txapelketan jo zuen panderoa aurrenekoz jendaurrean, baina ordutik, ez du ia plazarik egin. 50 urteren ondoren, XXXI. San Jose trikiti jaialdian parte hartuko du panderoa joz, Lurdes Alkorta bikotekide duela. Jaialdia datorren zapatuan da, Azpeitiko Soreasu antzokian.

San Jose trikiti jaialdian parte hartzera gonbidatu zaituzte, eta Lurdes Alkortarekin joko duzu; zuk panderoa eta hark soinua. Gustura al zaude gonbidapenarekin?

Oso gustura nago. Baina hasieran, jaialdian parte hartzeko esan zidatenean, ezetz esan nien, ni ja panderoa lagata nengoela eta ez nuela nahi. Gustura parte hartuko nukeela, baina nire burua ez nuela gai ikusten jendearen aurrean aritzeko, telebistaren aurrean eta... Handik hilabetera berriz deitu zidaten, San Jose trikiti jaialdian parte hartzeko eskatuz: "Beno, Lurdes Alkortarekin joko al dun?", galdetu zidaten. Lurdes Alkortarekin panderoa jotzea izugarria da niretzako, eta baiezkoa eman nien. Orain, oso-oso gustura nago. Lurdes neska oso jatorra da, eta asko ari zait laguntzen, oso-oso gustura nago harekin.

Asko ari al zarete entseatzen?

Ez, ez, oso gutxi ari gara entseatzen. Hura Hernanin [Gipuzkoa] ari da lanean, eta nik, berriz, arratsaldeetan egiten dut lana. Grabatu egiten dugu askotan, eta gero bakoitzak bere etxean jarduten dugu. Elkarrekin oso entsegu gutxi egin ditugu.

Zeure kasa ari zara prestatzen orduan.

Bai, neure kasa ari naiz. Eginbeharrak ipintzen dizkidate, eta neure kabuz jarduten dut. Baina Lurdesek nola hartu nauen ikusita, oso gustura nago.

1971n, II. Euskal Herriko Trikitilari Txapelketan, aurreneko aldiz jo zenuen panderoa. 13 urte zenituen orduan. Txapelketa batean parte hartzen aurreneko emakume trikitilariak izan zineten zu eta Primi Erostarbe oñatiarra. Bada datu bat.

Detaile edo datu hori nik ez neukan gogoan. Trikigiro elkartekoek esan zidaten hori; ni nintzela txapelketa batean parte hartu nuen lehen emakumea. Datu horri erreparatuta, nahi izan dute nik San Jose trikiti jaialdian parte hartzea; hala azaldu zidaten behintzat. Ilusioa egin zidan horrek guztiak. Akordatzen nintzen neska koskorra nintzela anaiekin jo nuela Donostiako Trinitate Plazan. Zein urtetan izan zen hura ahaztuta neukan, ordea.

Hori besterik ez al daukazu gogoan txapelketako egun hartaz?

Egun hartakoaz akordatzen naizen gauza bakarra da lasai-lasai eta ilusioz beteta joan nintzela hara parte hartzera; besterik, ordea, ez dut gogoratzen. Orain, orduko grabazioak-eta eman dizkidate, eta pozez zoratzen nago. Oso gogoko dut orduko oroitzapenak berriro azaltzea, niretzako balio handia dute lehengo gauza haiek orain azaltzeak.

Euskal Herriko Trikitilari Txapelketak sona handia zuen orduan. Egun San Jose trikiti jaialdiak ere estimu handia du trikitizaleen artean.

Bai, gaur egun San Jose trikiti jaialdiak tirada handia du trikitizaleengan, jende asko biltzen da jaialdian.

13 urterekin, orain dela 50 urte, txapelketa nagusi batean parte hartu ostean, urte hauetan guztietan zergatik ez zara plazetan ibili?

Ni gaztea nintzenean, emakumerik ez zen ibiltzen trikitia jotzen. Aurrena ezagutu nuen pandero jotzailea Primi Erostarbe izan zen. Gerora hasi ziren emakume gehiago plazetan, Agurtzane Elustondo eta. Nire ilusioa soinua jotzea zen, baina emakumeek soinua eta panderoa jotzea oso zaila ikusten genuen garai hartan. Beno, orduan ez zen ikusten emakumeek egin beharreko gauza bat bezala. Ondoren, urteetan, panderoa lagata egon naiz. Baina urte guztietan eduki ditut nik belarrian soinua eta panderoa.

Mahai bueltako pandero jotzailea izan zara orduan?

Niri gehiago gustatu izan zait soinua, baina errazagoa da panderoa hartu eta jotzen hastea. Etxean beti hasten nintzen aita zenaren panderoa hartu eta jotzen, baina soinurik ez ukitu, e! Emakumea soinua jotzen gure etxean-eta, keba!

Zeinek irakatsi zizun panderoa jotzen?

Inork ere ez, neure kabuz ikasitakoa dakit. Inoiz ez dut irakaslerik izan.

Noiz izan zenuen aurreneko panderoa?

Irratira grabazio bat egitera joateko erosi nuen aurreneko panderoa, orain dela 15 bat urte. Bestela, koadernoaren taparen bat hartu eta harekin jarduten nuen etxean. Gero, anaietako bat hil egin zen, eta haren panderoarekin ibiltzen nintzen, baina neure kasa.

Nahiz eta etxean trikitirako zaletasun handia izan, zuk zure bidea egin behar izan duzu, ezta?

Bai, bai, dena.

Emakumea izateagatik?

Asko horregatik, bai.

Gaur egun, neska zein mutil modu berean ibiltzen da plazarik plaza trikitia jotzen. Horrelako giro batean hasi bazina, plazetan bide luzeagoa egingo al zenukeen panderoarekin?

Zalantzarik gabe! Orain gazteagoa banintz, gozatu egingo nukeen trikitiaren munduan. Egungo gazteak dabiltzan bezala ibilita, gozatu egingo nuke, orain gizonak baino ia emakumeak gehiago dira trikitiaren munduan. Nire garaian gauzak horrela ez izateak pena handia ematen dit.

Oraindik ere sasoiko zaude.

Bai zera! Urteak hor daude, eta erretiratuta egon beharko nuke nik. Dagoeneko guk gauza gutxi egingo dugu; hemendik aurrera bisita asko medikuarenera! [Barreak]

Soinurik jo ez izanaren arantza hori hor daukazu oraindik ere, ezta?

Bai, nik txiki-txikitatik izan nuen soinua jotzeko egundoko ilusioa, baina ez nuen aukera hori izan.

Gerora ez al duzu soinurik hartu?

Bai, orain dela hiru-lau urte musika eskolara joan eta soinua txikia ikasten saiatu nintzen. Nire asmoa pieza bat edo beste jotzen ikastea zen, gero etxean neure kabuz aritzeko. Hasi nintzen musika eskolan soinu txikia ikasten, eta eskuineko eskuarekin dezente moldatzen nintzen, baina ezkerra eta eskuina batera ezin nituen jo. Orain ere jarduten dut noizik eta behin soinua jotzen etxean. Bilobetako batek bere aitonarena izandako soinua dauka etxean, eta hura hartuta jarduten dut. Konfinamenduan soinua jo eta jo jarduten nuen, baina Zorionak eta beste piezaren bat, eta eskuinarekin bakarrik. Nik soinua eta panderoa hil arte edukiko ditut neurekin.

Zein dituzu gustuko trikitilariak?

Asko ditut gustukoak, eta ez dago denak esaterik. Lurdes Alkorta beti izan dut gustuko, halako bizitasun bat du hark soinua jotzerakoan. Agurtzane Elustondo ere gustukoa dut, baita Elizagoien ahizpak ere.

Egun gutxi falta dira San Jose trikiti jaialdirako. Urduri al zaude?

Ez, momentuz lasai sentitzen naiz, egunean bertan nola egongo naizen ez dago esaterik baina. Zer galdurik ez daukadala esaten diot neure buruari. Gainera, nire adinean, zer eskatu behar didate ba niri? Nik ez daukat gauza handirik ematerik.

Jaialdian parte hartu ondoren, plazan jotzeko beste aukerarik sortuko balitz, zer?

Pentsatzen dut ez nintzatekela joango. Jaialdian parte hartzeko ere zalantza asko eduki ditut. Dena den, orain, pausoa emanda, gustura sentitzen naiz. Jaialdian parte hartzeko ezezkoan nengoenean asko animatu ninduen semeak, panderoa jotzeko eskaini zidaten aukera aprobetxatzeko esan zidan hark. Jaialdiaren ondoren, neure kasa jarraituko dut panderoa jotzen. Agian, joko dut panderoa bazkalondoren edo erromeriren batean, jai giro horretan, baina bestela ez daukat jendaurrean-eta jarduteko adinik.

Ba al daukazu beste plazaren batean panderoa jo izan duzunaren oroitzapenik?

Nik oso leku gutxitan jo izan dut panderoa. Baina,1972. urtean, Martirieta bertako tabernako Joxemarirekin Usurbilera [Gipuzkoa] joan nintzen panderoa jotzera, Sakabiren eta Egañazpiren omenaldira. Hura izan zen nire bigarren irtenaldia pandero jotzaile gisa; 14 urte nituen orduan. Gainontzean, grabazio batean edo bestean parte hartu dut, eta ez besterik.