Gaztetxoentzako hainbat ekintza antolatu ditu udalak Aste Santurako

Anartz Izagirre 2021ko mar. 11a, 17:50
Gaztetxo batzuk Gabonetako ekintzetako batean.

Martxoaren 29an, 30ean eta 31n izango dira ekintza horiek, herrigunean zein Urrestillan. HH5etik LH6ra bitarteko gaztetxoentzat izango dira jarduerak, eta dagoeneko irekita dago horietan izena emateko aukera. Bestalde, Gaztelekua irekita egongo da egun horietan, arratsaldez.

Ate joka dator Aste Santua, eta martxoaren 29rako 30erako eta 31rako gaztetxoentzako hainbat ekintza izango dira herrigunean zein Urrestillan. Jarduerak goizez egingo dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Ikastetxeen bidez zabalduko du Azpeitiko Udalak egun horietan egingo diren ekintzen inguruko informazoa, eta interesatuek dagoeneko eman dezakete izena, online —honako lotura honetan—. Dena den, izena Internet bidez emateko zailtasunak dituztenek honako aukera hauek ere izango dituzte horretarako: Gazte Informazio Bulegora joanda —Sindikatu Zaharreko lehen solairua—, 943-15 71 60 telefonora deituta eta gib@azpeitia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Martxoaren 18a, osteguna, izango da izena emateko azken eguna, eta hamabost euro ordaindu beharko da izen-ematea —informazio gehiago, honako lotura honetan—. Bestalde, udalak adierazi duenez, adin tarteka banatuta osatuko dituzte taldeak, eta HH5etik LH6ra bitarteko gaztetxoek izango dute ekintzetan izena emateko aukera. Talde horiek osatzeko, indarrean diren osasun protokoloetan oinarrituko dira.

Horrez gain, udalak adierazi du Gaztelekua irekita egongo dela arratsaldez martxoaren 29an, 30ean zein 31n, ohiko ordutegian.