Erretratua

Oihana Orbegozo: "Orain posible da guk ezin izan genuena egitea"

Elena Marguello 2021ko api. 3a, 11:05
Oihana Orbegozoren erretratua. (Olatz Alkorta)

Haurra zela hainbeste maite zuen afizioa alboratu ostean, 33 urterekin frontoietara itzuli zen Oihana Orbegozo (Azpeitia, 1985), eta ordutik, bi txapel irabazi ditu. Bere ibilbideaz hitz egin du pilotariak 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian.

Umetatik izan du Oihana Orbegozok pilotarekin lotura estua. Urte batzuetan afizioa alboratuta izan badu ere, aukera ikusitakoan berriro itzuli da hainbeste "betetzen" duen kirola praktikatzera. "Umetan neure kasa ibiltzen nintzen pilotan. Txikitan, jolas denboretan, beti pilotarekin jolasten nuen. Geroago, asteburuetan ere hasi nintzen pilotan jokatzen, eta edonora joanda ere, lagunekin frontoian ibiltzen nintzen", azaldu du azpeitiarrak. Hiru urtez eskola kirolean pilotan aritu ondoren, Ilunpe pilota elkartean egin zuen urtebete Orbegozok. "Neska bakarra nintzen, eta mutilekin aritzen nintzen", gogoratu du. 14 urterekin, ordea, ez zuen pilotan jarraitzeko aukerarik eskola kirolean, eta Ilunpen mutilekin jarraitzea ez zen "batere erraza", adin horretan nesken eta mutilen artean indar aldetik aldaketa gauzatzen delako eta beren artean "koska nabarmena" egoten delako. Orduan utzi zuen pilota Orbegozok.

Dena den, 33 urterekin itzuli zen berriro frontoietara –egun 35 ditu–; orduko hartan, beste emakume batzuekin lehiatzera. "Emakume Master Cup txapelketako finala ikusi nuen; Nagore Aramendi azpeitiarrak jokatu zuen lehia hura", gogoratu du. Finala amaitzean egindako elkarrizketan, non entrenatzen zuen galdetu zioten Aramendiri, eta hark Azpeitian erantzun zuenean, "harra piztu" zitzaion Orbegozori: "Berarekin harremanetan jarri nintzen. Taldea eginda zegoen ordurako, eta beraiekin entrenatzeari ekin nion".

Gazte garaian pilotan aritu izanak "lagundu" egin dio azpeitiarrari kirol horri berriro ekiterakoan. Hasieran giharretako mina izaten bazuen ere, orain arte ariketa fisikoa egin izanak "bidea erraztu" diola uste du.

Gaur egun, lana erreleboetan egiten duenez –batzuetan goizez, eta besteetan arratsaldez–, entrenamenduak ordutegiaren arabera moldatzen ditu Orbegozok: "Pandemia hasi arte, goizez lan egiten nuenean, astean pare bat aldiz entrenatzen nuen. Goizez entrenatu behar izaten nuenean, aldiz, Nagorerekin [Aramendi] gelditzen nintzen; umeak eskolara eramatean, frontoira joaten ginen". Pandemiak, ordea, entrenamendu ohiturak aldatu dizkio Orbegozori, eta "bi astetik behin, pare bat aldiz" edota "ahal denean" entrenatzen du.

Hala ere, bere kasa kirola praktikatzen saiatzen dela dio pilotariak. Itxialdian entrenatu ez bazuen ere, gero Urrestillako frontoira joan eta han entrenatzen hasi zen: "Udan pilota mistoarekin hasi nintzen jokatzen, eta ohitzeko entrenatu egin behar izan nuen". Izan ere, eskuarentzako "gogorragoak" dira mota horretako pilotak, eta "gehiago eskatzen" diote pilotariari. "Osasun larrialdiak neure kasa gehiago entrenatzera bultzatu nau", adierazi du Orbegozok. Bestalde, entrenamenduetan ez ezik, osasun larrialdiak emakumezkoen pilota txapelketetan ere eragin duela azaldu du pilotariak.

Haren hitzetan, lana eta pilota uztartzeko "ezinbestekoa" da etxekoen laguntza. "Gustuko dut pilota, eta denbora atera egiten da gustuko gauzetarako; libre ditudan tarteak pilotarako hartzen saiatzen naiz". Bestalde, jarraikortasuna "ezinbestekoa" dela dio, "eta are gehiago egoera honetan". Dena den, pandemiak eragindako ezohiko egoera tarteko, alde batetik bestera bakarrik mugitzeak "nagikeria" eragiten dio eta "gehiago" kostatzen zaio.

Pilotari berriz ekin zionetik, bi txapel irabazi ditu Orbegozok: bata San Fermin Torneoan, eta bestea Binakako Emakume Master Cup txapelketan. "Bi esperientziak oso desberdinak izan dira, baina oso politak". Lehen garaipena orain dela bi urte lortu zuen: "Txapel hura eskuratu ostean, lasai erretira nintekeela esaten nuen", gogoratu du pilotariak. Harentzat aurreneko finala izan zen Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutakoa. "Oso polita izan zen. Giro ederra zegoen frontoian, eta zaleek sekulako bultzada eman zidaten animoekin". Bigarren txapela eskuratu zuenekoa, berriz, "oso desberdina" izan zen Orbegozorentzat; izan ere, frontoia hutsik zegoen egun hartan. Hala ere, "pandemia garaietan jokatzeko aukera" izateak eta pilota mistoarekin hasi berri zela txapela lortzeak "sekulako poza" eman zion pilotariari.

Duela urte batzuk hasi ziren Emakume Master Cup antolatzen, emakumeen pilotari bultzada eman dion txapelketa. Orbegozoren ustez, "behar" zen mota horretako egitasmo bat. Pilotariak kontatu duenez, txapelketa hori antolatzen hasi aurretik, topaketa bat egin zuten Bartzelonan, eta Euskal Herriko jende pila bat joan zen hara: "Han konturatu ziren guztiek pilotarekiko interesa zutela". Emakume Master Cup txapelketa antolatu zenean, beraz, emakume "asko" hurbildu zen pilotaren mundura, eta gaur egun "geroz eta gehiago" direla sentitzen du Orbegozok. "Lehen pilotan ibilitako batzuk jokatzera itzuli gara, orain hasi direnak ere badira tartean eta umetatik pilotan ibiltzeari utzi ez dioten emakumezkoak ere gero eta gehiago dira".

Emakumezkoen pilota geroz eta indar handiagoa hartzen ari bada ere, gizonezkoen eta emakumezkoen pilota ez daude maila berean oraindik. Guztiek txikitatik pilotan jokatzeko aukera izan badute ere, emakumezkoen pilotan orain gutxira arte "zaila zen jarraipena ematea", Orbegozoren arabera: "Gizonezkoek beti izan dute egutegi bat". Gaur egun, gauzak "aldatzen" ari dira, ordea, eta orain, pilota gustatuz gero, "entrenamenduetara batu eta txapelketetan parte hartzeko aukera" badagoela dio azpeitiarrak. "Orain posible da guk ezin izan genuena egitea".

Pilotan aritzeko ez ezik, kirol hori telebistan ikusteko ohitura ere badu Orbegozok. Txikitan, Retegik eta Belokik nola jokatzen zuten gustatzen zitzaion. Orain, berriz, Zabaleta eta Altuna ditu atsegin: "Ez dira erreferenteak, baina gustuko ditut", azaldu du pilotariak. Bestelakoa da gainerako emakumeenganako duen sentimendua. Maite Ruiz de Larramendiren edota Patri Espinarren ibilbidea "kontuan hartzekoak" direla iruditzen zaio Orbegozori. "Gainerako emakumeekin jokatzea plazera da niretzat; asko ikasten dut beraiekin".

Lanean edo pilotan ari ez den uneetan, "ahalik eta denbora gehien" umearekin pasatzea gustatzen zaio Orbegozori, eta aukera dagoenean, lagunekin egotea ere atsegin du. Mendian eta paseatzen ere "asko gozatzen" duela dio; izan ere, "beti" izan du kirolerako afizioa pilotariak.

Motzean

Jaiotze data: 1985eko maiatzaren 22a.
Ikasketak: Goi Mailako Kirol Ekintzen Sustepena.
Lanbidea: Biltegiko langilea.
Pilotaria ez banintz... Kirolarekin loturaren bat duen zerbait egingo nuke.
Lanetik ateratzean gogoko dut... Lasai egotea.