2021eko Martxoaren 8a

Dena aldatu, sistema arrakalatu!

Erabiltzailearen aurpegia Basanderiek asanblada feminista. 2021ko mar. 7a, 17:51

Iritsi da Martxoaren 8a, Emakume Langileon Eguna. Historian zehar emakumeen borrokari esker aldaketa handiak izan dira gizartean, baina oraindik urrun gaude errozko aldaketa bat emateko. Bide honi jarraitzeko asmoz, eserleku margoketa egin zen joan zen ostegunean, Martxoaren 8ko manifestaziora dei egiteko eta zapalkuntza guztiekin amaitu nahi dugula isladatzeko. Bertan, Basanderiek talde feministako eta ikastetxeetako autoantolaketako kideek parte hartu zuten.

Egunerokotasunean borroka ezinbestekoa dugu emakumeon zapalkuntza garaitu eta sistema patriarkal kapitalistan arrakalak sortzeko. Emakume izanagatik gizarteko paper bat egotzi digute, zaintza lanak bizkar gainean daramatzagu eta ahoa irekitzen dugunetan isilarazi egin nahi gaituzte. Horren adibide dira aurten Emakume Langileon Eguna aldarrikatzeko ezartzen ari diren oztopo guztiak.

Hala ere, guk argi daukagu, errua gure gainean pisu handiz kokatu dute, baina bizitzak jarrai dezan ezinbesteko lanetan ibili gara emakumeok osasun krisialdi honetan, eta, gainera, krisi ekonomikoak gogor kolpatu gaitu. Gure bizitzen jabe izan nahi dugu, zapalkuntzarik gabeko gizarte batean amesten dugu eta badakigu antolakuntza eta ahizpatasuna direla hori lortzeko bideak. Bihar, astelehena, 18:00etan plaza beteko dugu eta bertaratzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

Gora borroka feminista!