2021eko Martxoaren 8a

Martxoaren 8aren bueltako egitaraua prest du Basanderiek talde feministak

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 1a, 15:43
Iaz, Martxoaren 8an, Basanderiek talde feministak antolatuta egin zituzten mobilizazioetako irudi bat.

Martxoaren 6rako abortuaren inguruko hitzaldia antolatu dute. Emakumeen Txokoan izango da, 11:30ean hasita. Martxoaren 8an, berriz, manifestazioa egingo dute 18:00etan plazatik abiatuta, eta horren ostean, ekitaldi politiko-kulturala.

Astebete falta da Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta "emakume langileen eguna aldarriz betetzera" dator Basanderiek talde faminista, "sistema patriarkala gainditu eta emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko" oraindik egiteko asko dagoela iritzita.

Egunaren atariko gisa, martxoaren 6rako Abortua Euskal Herrian solasaldia antolatu dute. Saio hori Emakumeen Txokoan izango da, 11:30ean hasita. Martxoaren 8an, berriz, plazan herriko plazan jarri dute hitzordua, 18:00etan. Manifestazioa egingo dute aurrena, eta haren ostean, ekitaldi politiko-kulturala. Herritar zein eragile guztiei mobilizazioan parte hartzera dei egin die Basanderiek talde feministak, "guztion alea beharrezkoa baita eraldaketak gauzatzeko".