Salgai daude 'Erik eta Win' bertso saio musikaturako sarrerak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 10:04
Lizarralde eta Muñoa Hernanin eskaini zuten saioan. (Kronika.eus)

Apirilaren 16an izango da ikuskizuna, Soreasu antzokian, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak zortzi euroren trukean. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek bertsoa, poesia, antzerkia eta musika landuko dituzte, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera eskainiko duten saioan.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek Erik eta Win bertso saio musikatua eskainiko dute apirilaren 16an, ostirala, Soreasu antzokian (19:30), eta emanaldirako sarrerak salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean –aurrez zortzi eurotan eta hamar eurotan egunean bertan–.

Asier Sotak gidatutako obra da Erik eta Win, eta emanaldiaren gidoia Muñoak eta Lizarraldek ondu dute. Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin izango dira bi bertsolariak agertokian, eta horiek doinu berriak plazaratuko dituzte. Besteak beste, bertsoa, poesia, antzerkia eta musika landuko dituzte ikuskizunean. Umorea da, gainera, antzerki tartearen ezaugarri nagusia.