"Okupazioaren aurkako ofentsiba" eta "antolakuntza forma berrien beharra" izan dituzte hizpide Gaztetxean

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 27a, 09:30

Errakiko kideek hitzaldia eskaini zuten atzo Azpeitiko Gaztetxean. Besteak beste, "langile kontrolpeko espazioak" terminoa nola ulertzen eta erabiltzen duten azaldu zuten eta behin kontzeptu eta azalpen orokorrak emanda, "okupazioaren kontrako kanpainaren gako nagusiak" aztertu zituzten. Aurrera begirako erronkak ere izan zituzten mintzagai.

Erraki langile kontrolpeko espazioen babes sareko kideek Okupazioaren aurkako ofentsiba izeneko hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Gaztetxean, Euskal Herrian zehar eskaintzen ari diren hitzaldi zikloaren barruan. Bertan, "okupazioaren kontrako ofentsibaren gako nagusiak" izan zituzten hizpide, baita aurrera begirako erronkak ere, eta 30 lagun inguru bertaratu zen hitzordura. 

Errakiko kideek langile kontrolpeko espazioen babes sarearen inguruko hainbat xehetasun eta azalpen eman zituzten aurrena, solasaldiari sarrera eginez. Esaterako, "langile kontrolpeko espazioak" terminoa nola ulertzen eta erabiltzen duten azaldu zuten labur-labur. Behin kontzeptu eta azalpen orokorrak emanda, "okupazioaren kontrako ofentsibaren" gako nagusiak aztertu zituzten. Hain zuzen, mintzagai izan zituzten Espainiako Kongresuan okupazioaren kontra PP, VOX eta Ciudadanos alderdiek aurkeztu dituzten lege proposamenak eta horiek eragin ditzaketen ondorioak, desokupazio enpresen jarduna eta "masa komunikabideek okupazioaren aurkako kanpainan jokatzen duten rola", besteak beste. Ildo horretatik, "okupazioaren kontrako kanpainaren atzean ezkutatzen diren interes desberdinez" ere solastu ziren.

Errakiko kideen hitzetan, "martxan dagoen okupazioaren kontrako ofentsiba, krisi testuinguruan ematen den ofentsiba burgesaren barruan ulertu behar da". Baieztapen horretan sakontzeko hainbat adibide eta datu mahaigaineratu zituzten Errakiko kideek solasaldian zehar. Horrez gain, "okupazioaren aurkako ofentsibak irekitzen duen paradigma berriaren aurrean antolatzeko forma berrien garrantzia" mahaigaineratu zuten langile kontrolpeko espazioen babes sareko kideek.

Amaitzeko, etorkizuneko erronken inguruan mintzatu ziren. Errakiko kideentzat "beharrezkoa da langile kontrolpeko espazioen defentsa eraginkorra garatzea eta pentsatzea" eta norabide horretan "baldintza politiko berriak sortzea".