Sua piztu da Irurena enpresan

Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus 2021ko ots. 26a, 23:22
Ertzaintzaren hainbat auto sutan den enpresaren atarian. (Julene Frantzesena)

Larrialdi zerbitzuetako langileek 22:05ean jaso dute abisua, eta uneotan sua itzali nahian ari dira. Lantegia itxita zegoen sua piztu den unean, beraz, aurreneko informazioen arabera, ez legoke zauriturik.

Duela ordubete pasatxo sua piztu da Irurena enpresan, eta uneotan hura itzali nahian ari dira suhiltzaileak. Ertzaintzak Uztarriari emandako informazioaren arabera, 22:05ean jaso dute abisua, eta berehala bertaratu dira ertzainak eta suhiltzaileak. Oraindik bertan ari dira lanean eta momentuz ez dute sua itzaltzerik lortu. Oraingoz, ez dute zehaztu zenbaterainoko kalteak eragin dituen suak. Dena den, irudi ikusgarriak utzi ditu suteak, eta Azpeitiko herrigunetik ere nabari daiteke kea zeruan.

Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, lantegia itxita zegoen sua piztu den unean, eta ez dirudi inor bertan zegoenik; zauriturik ez litzateke egongo beraz. Sutearen berri izan eta bertaratu den jendeari, berriz, handik alde egiteko eskatzen ari zaio Ertzaintza, lantegitik ateratzen ari den kea toxikoa delako. Izan ere, Irurenan barnizak egiten dituzte, eta erretzen ari den materiala toxikoa izan daiteke. Uztarriak jakin ahal izan duenez, osasungintza publikoko langileak ezbeharraren lekura bidean dira uneotan. Kearen toxikotasunaren arabera, aparteko neurririk hartu beharrik egongo den ala ez aztertuko dute horiek.

Hona hemen, sutearen irudiak jasotzen dituen bideo bat: