Koronabirusa Azpeitian

Motelago, baina jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 26a, 12:52

Atzo positibo bat atzeman zuten herrian, eta horrekin, hemeretzi dira aste guztian zenbatu dituztenak. Lehengo astean baino hamahiru gehiago dira horiek, baina, hala ere, intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du: joan den ostiralean 275,95eko zen eta 164,26koa da gaur.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo positibo bakarra baieztatu zuten herrian, eta beste koska bat jaitsi da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Oro har, aste lasaia izan da igaro berri dena. Egia da joan den astean baino positibo berri gehiago zenbatu dituztela herrian —hemeretzi izan dira aste honetan eta sei izan ziren joan den astean—, baina, hala ere, beheranzko joerari eutsi dio intzidentzia tasak, nahiz eta abiadura moteldu egin den. Duela bi aste 630,75koa zen tasa, joan den ostiralean 275,95koa zen eta 164,26koa da gaur. 

Eskualdean ere antzerakoa da egoera. Zortzi positibo zenbatu zituzten atzo, 74 izan dira aste guztian, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude, 200eko intzidentzia tasaren azpitik, eta kolore gorriko arrisku eremura sartzeko 500eko langa horretatik urrun. Azkoitia dago ondoen. Atzo positibo bakarra baeiztatu zuten han, zazpi izan dira aste guztian, eta 75,11ko intzidentzia tasa du. Eremu horian dago egun, baina aste honetan berdean ere izan da. Zarautzen eta Zumaian, berriz, 162ko intzidentzia tasa dute. Zarautzen lau positibo atzeman zituzten atzo, hamasei aste guztian; Zumaian, aldiz, atzo ez zuten positiborik izan eta lau izan dituzte azken zazpi egunotan. Orion positibo bakarra izan zuten atzo, bederatzi aste guztian, eta 179,39ko intzidentzia tasa dute.

500dik behera Hego Euskal Herrian

5.000 biztanletik beherako herrietan ere lasaia da egoera. Getarian positibo bat baieztatu zuten atzo, hiru aste guztian; eta Aian lau izan dituzte astebetean, baina atzo bat bera ere ez. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik hauteman azken zazpi egunotan.

Hego Euskal Herrian 423 positibo atzeman zituzten atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dutenez. Denera 9.153 proba egin zituzten eta horietatik %4,6k eman zuten positibo. Lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, beste behin; 218 kasu, hain zuzen. Gipuzkoan 88 kasu zenbatu zituzten; Araban, 59; eta Nafarroan, 55.

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo beste 45 lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta azken datuen arabera, 439 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 126 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.