Uxue Alberdi: "Desberdinkeriaren argazkia osatzen duten txatalak dira liburuan jasotakoak"

Uxue Alberdi. (Dani Blanco)

2019ko martxoan kaleratu zuen Kontrako eztarritik liburua izango du hizpide Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bihar, asteazkena, Emakumeen Txokoan (18:30). Alberdik hamabost emakume bertsolarien bizipenak jaso ditu Susa argitaletxeren Lisipe bildumako lan horretan. Leire Ibargurenek gidatuko du saioa. Honako hau joan zen azaroaren Urola Kostako Hitza egunkariak Alberdiri egindako elkarrizketa da.

Duela urte gutxitik hona lanketa handia egin da bertsolaritzaren eta generoaren arteko harremanaren inguruan. Zer baldintza elkartu dira hori gertatzeko?

Bertso munduko feministok egindako lana nabarmenduko nuke, baita Bertsozale Elkartearen hainbat ekimen ere, bertso udalekuak, Ahalduntze Bertso Eskola eta emakumeen arteko topaketak, bereziki. Garrantzitsua izan da askotariko hitzaldi, liburu, graduondoko lan, artikulu eta teorizazioen bidez gaiaz teorizatu izana, eta hori bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa, elkar ezagutzeko eta elkarrekin bertsotan egiteko eta pentsatzeko guneak sortzea: Ez da kasualitatea bertso-saioak, Ahalduntze, Zilekoa… Hori guztia mugimendu feministaren lanari lotuta ulertzen dut nik, gure aurreko feministek egindako lanari esker gaude gauden lekuan.

Kontrako eztarritik liburuak beste maila batera eramaten du lanketa hori, gertakari zehatzak jasotzen baititu. Zergatik aukeratu zenuen elkarrizketa formatua?

Gertakari zehatz asko biltzeak eta haiei feminsimoaren prismatik begiratzeak desberdinkeria sortzen eta birsortzen duen sistema bat agerian jartzen duelakoan. Desberdinkeriaren argazkia osatzen duten txatalak dira. Banaka hartuta, bizipenak direla esan dezakegu, sentsazioak, gertakari isolatuak… Baina heteropatriarkatuaren alabak dira denak eta elkarri lotuta daude. Bizipenak berak dira politikoak, haietan aurkitu dut teoriarako bidea. Hasierako hipotesia da ez dela gauza bera mundura (eta, kasu honetan, bertso mundura) emakume edo gizon jaiotzea, eta erakutsi nahi izan dugu zertan den desberdina. “Emakume modura irakurria izateak eragin al dizu, eta eragin badizu nola, bertsotarakoan?” galdera egin nien denei, hamabost emakume bertsolariri. Arretaz entzun nien, eta zapalkuntzaren bat sumatzen nuen bakoitzean hura teoria feministarekin gurutzatzen saiatu nintzen: zapalkuntza mekanismoak identifikatzeko eta azaltzeko.

Nola erantzun du bertso munduko jendeak halako testigantzen aurrean? Erantzun zuzenik jaso ez baduzu, jendearen sentsazioa zein izan daitekeela uste duzu?

Denetarik izan da. Eskerrak eman dizkigu jende askok, lanbide askotako emakumeek, adibidez: kazetariek, unibertsitateko irakasleek, suhiltzaileek, txirrindulariek, abeslariek, aktoreek… Hainbat gizonek ere esan digu liburuak begiak irekitzeko edo pentsatzeko balio izan diola, deserosoa suertatu arren. Kritika zuzen bakarra jaso dugu orain arte, Xabier Amurizarena. Ez dut bat egiten bere iritziarekin. Pena hartu nuen. Sentsazio gozoa dut orokorrean, gai mintsua da, boterea zalantzan jarri dugu, ez da debalde, baina ez da alferrik.

Behin baino gehiagotan aipatzen da liburuan emakumezko bertsolari helduen erreferentzia falta. Hutsune horrek hor jarraituko al du hemendik urte batzuetara?

Ezetz espero dut, elkarri eusten saiatuko gara, aurrera egiteko beharrezko diren indarra eta autoritatea ematen elkarri. Bertso eskoletako ikasleen %50 neskak diren arren, plazarako jauzian %20ra igarotzen gara. "Zergatik uzten dute neskek?", galdetzen digute askotan. Oihana Iguaranek buelta ematen dio galderari: "Zergatik jarraitzen dute?". Emakume asko gara bertsogintzan ikaragarri gozatzen dugunak, plaza publikoa gogorra da, baina elkarren babesean eramangarriagoa. Identifika ditzagun aurrera egiteko oztopoak eta elika ditzagun mesede egiten digutenak. Emaitza aldatzeko, moduak aldatu beharko ditugu.

Feminismoak, beste hainbat esparruri bezala, bertsolaritzari ere astindu ederra eman dio. Nabaritzen al da hori oholtzan gaur egun?

Gaia oso presente dago diskurtsiboki, besterik da praktikak eta gustuak zenbat aldatu diren, kosta egiten da. Miren Artetxek esaten zuen bezala: “Politikoki zuzenaren terrenoa irabazi dugu, ez boterea”. Emakume bertsolari izatea (eta idazle, eta sukaldari, eta arraunlari eta pentsalari…) zailagoa da oraindik gizon bertsolari izatea baino. Gizonezko bertsozaleei galdetuta, 10 bertsolari gustukoenen artean emakumezko bakarra sartzen dute: Maialen Lujanbio, txapelduna. Emakumeoi emakumeen alde egotea leporatzen digute… Nor entzun nahi dute, ordea, gizonek? Ikerketa soziologikoan plazetan emakume gehiago entzutea gustatuko ote litzaiekeen galdetuta, ezetz erantzun zuten, eta ez gara %25era iristen.

Zer esango zenioke, horretarako aukerarik bazenu, bertsoa uztekotan dabilen emakume nerabeari?

Desiratzen gaudela berarekin kantatzeko. Bere ahotsa inporta zaigula. Nahi badu, etortzeko Ahalduntze Bertso Eskolara. Oso ondo pasatuko dugula.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide