400 familiarentzako energia ekoitziko duen kooperatiba sortuko dute Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko ots. 19a, 15:50
IƱigo Ansola, Nagore Alkorta eta Asier Etxabe kooperatibaren aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Landa eremuko hektarea bateko lursail batean 2.650 plaka fotovoltaiko ezarriko dituzte. Modu horretan, herritarrek autokontsumorako energia ekoitziko dute, eta kooperatibaren parte diren bazkideak izango dira energia horren jabe. Urte amaierarako plakak ezarriko diren gunea egokituta izatea aurreikusten du Azpeitiko Udalak.

Ekiola sozietateak sustatutako energia autokontsumorako lehen kooperatibaren aurkezpena izan da gaur, ostirala, Basazabal jauregian. Izan ere, 400 bat familiarentzat autokontsumorako energia ekoitziko duten hainbat plaka fotovoltaiko ezarriko dituzte herrian. Hektarea bateko lursail batean ezarriko dute eguzki baratzea, eta proiektu horren bitartez, herritar kooperatibistak izango dira sortzen duten energiaren jabe. Energiaren Euskal Erakundearen, Mondragon Korporazioko Krean taldearen eta Azpeitiko Udalaren lankidetzaren ondorio izan da izaera kooperatiboko energia-erkidego horren sorrera, eta proiektuaren aurkezpenean izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Asier Etxabe Kreaneko zuzendaria.

Europako Batasunak 2030. urterako helburu bat ezarri du: kontsumituko den energiaren %32k jatorri berriztagarria izan beharko du; horren harira, eredutzat hartu du autokontsumorako komunitate energetikoak sortzea beste egoera energetiko batera jauzi egiteko. Testuinguru horretan sortu da Ekiola sozietatea, eta erakunde horren bitartez eta udalaren zein beste hainbat entitateren laguntzaz sortuko da Azpeitko energia-erkidegoa. Proiektu horren bitartez, energiaren sorkuntzan eta kudeaketan herritarren parte hartzea sutatuko da, eta proiektuaren amaieran kooperatibaren gehiengoa azpeitiarrena izango da. Hain zuzen ere, egitasmoaren helburua "energia ikuskera aldatzea" da; hots, herritarrak autokudeaketa korporatiboaren "errealitatean murgiltzea" eta proiektuarekin bat egiten duten bazkideen nahiz entitateen "energia premiei erantzutea".

Proiektu aitzindaria

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du proiektua "aitzindaria" izango dela: "Uste dugu Azpeitian badela energiaren inguruan kooperatiba sendo bat sortzeko adina herritar, eta bazkide horien bidez, energia herrian bertan eta herritarren bidez sortzea, sustatzea eta autokontsumorako bideratzea da helburua". Gauzak horrela, energia "merkatuko egungo prezioan baino merkeago" eskuratu ahal izango dela gaineratu du alkateak. Bestalde, eguzki plakak ezarriko dituzten lursaila "zehaztuta" dagoela azaldu du Alkortak, baina oraindik ez dute adierazi herriko zein lekutan ezarriko duten eguzki plaken gune hori. Horrez gain, Alkortak azaldu du datozen hilabeteetan kooperatiba sortzeko lehen urratsak emango direla, eta lanik garrantzitsuena izango dela herritarrak proiektura anima daitezen lortzea. Hain zuzen ere, alkateak nabarmendu du kooperatibara bazkideak animatu ahala, parte hartze bidez proiektuaren inguruko erabakiak hartuko dituztela, "elkarlanean".

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak dio "bereizgarritasun handi bat" izango duela egitasmoak: "Geure energiaren burujabe izango gara, herritarren parte hartzearekin. Horixe da proiektu honen alderdirik adierazgarriena". Bestalde, Ansolak nabarmendu du halako proiektuak gauzatzeko ezinbestekoa dela "erakundeen arteko elkarlana", eta Azpeitiko proiektua dela elkarlan horren erakusleetako bat. Azkenik, hark adierazi du "hazia erein" dutela Azpeitiko proiektuarekin, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan halako proiektu gehiago sustatzea dela beren xedea.

Kreaneko zuzendari Asier Etxabek, berriz, autokontsumorako energia sortzeko proiektua "erronka zaila baina polita" dela adierazi du: "Daukagun erronkarik garrantzitsuena biztanleria da. Ekiola sortu dugu herritarrei beraiek sortzen duten energia ekoizten laguntzeko". Bestalde, Etxabek nabarmendu du halako proiektuak garatzeko ezinbestekoa izango dela gizarteko eragile nagusiak eta erakundeak erakartzea. Eguzki panelen baratzearen inguruko xehetasunen berri ere eman du: "Eguzki baratze honek urtean 1.350 MWh sortuko ditu, eta horretarako 2.650 panel fotovoltaiko ezarriko dira. Ideia da familia bakoitzak bere kontsumoaren araberako panel kopurua edukitzea".

0 kilometroko energia

Kooperatiba bakoitzak sorkuntza-kostu egonkorrarekin eraiki eta erabili ahal izango ditu instalazioak, eta funtzionamendu-epe luzea izango dute horiek —25 urte edo gehiagokoa, eta kooperatiba bakoitzak epe hori luzatzeko aukera izango du—. Etekinak edo emaitzak bazkideentzat izango dira faktura elektrikoaren bidez. Modu horretan, bakoitzak bere instalazioaren sorkuntzaren emaitzak ikusi ahal izango ditu urtero, bai ekonomikoki, bai elektrikoki. Gainera, horien askotariko eragina ebaluatzeko modua ere izango da.

Energia kontsumitzeko tokiko kooperatiben egitasmo horri esker, energia nola kontsumitzen duten ulertu ahal izango dute herritarrek, baita beren instalazioek energia nola sortzen duten ere. Era horretan, kontsumo estrategiak ezartzeko aukerak baliatu ahal izango dituzte kooperatibako kideek, ekonomia doitzeko eta hobetzeko, betiere energiaren sorkuntza eta kontsumoa ahalik eta hurbilen egon dadin helburu izanda.