Martxan da neguko outleta

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 18a, 18:07

Neguko outletaren barruan, ohi baino merkeago salduko dituzte produktuak herriko 36 saltokitan gaurtik larunbatera bitartean. Bertan merkatarien elkarteak sustatu du egitasmoa, eta herritarrak dagoeneko hasi dira aukerak aprobetxatzen.

Bertan merkatarien elkarteko kideek jarri dute martxan neguko outleta. Gaur hasi eta larunbatera bitartean, beren produktuak ohi baino merkeago eskainiko dituzte herriko dendariek. Egitasmoan parte hartuko duten merkatariek beren saltokian jarri dituzte eskaintzak, eta ohiko ordutegian zabalduko dituzte dendak. Haietako askok, gainera, dendaren kanpora atera dituzte produktuak. Herritarrak hasi dira dagoeneko aukerak aprobetxatzen.

Neguko produktuak eskainiko dituzte azokan, egoerak hala baldintzatuta. "Negu zaila izan da merkatariontzat, denboraldiko arropa asko dugu oraindik, eta stock azokari esker, neguko denboraldiari amaiera eman nahi diogu, udaberrikoarekin eta udakoarekin hasteko asmoz”, adierazi du Bertaneko Esti Errazkinek. 

Honako 36 saltoki hauek parte hartuko dute egitasmoan: Alzuaran, Aneitz, Arku, Babesa, Biur, Bossi, Frida, Geu, Koket, Luix Beltza, NKN, Ubbo, Zume eta Zuri Beltz arropa dendek; Azkue, Ilargi, Kotoi, Mina eta Romaes mertzeriek; Nerea eskulan dendak; Andere eta Valverde lurrindegiek; Disdira bitxitegiak; Edurne eta Furundarena oinetako dendek; Esnaola etxetresna saltokiak; Aitzaki, Jostaldi, Larrañaga eta Mugi kirol dendek; Liho eta Zura etxegintzak; Iosu eta Ostadar optikek; Moviltek telefoniak, eta Arantxa eta Tilin Talan haur dendek.