Jon Guridi: "Zaila izango da, baina kanporaketa gaindi dezakegula uste dut"

'Berria' egunkaria 2021ko ots. 18a, 13:59
Jon Guridi. (Reala)

Joanekoa Turinen jokatu arren, Realarentzat partida "oso garrantzitsua" dela dio Jon Guridik. Azpeitiarraren esanetan, gaur golik jaso gabe irabazteak "ondo bideratuta" utziko luke Manchester Uniteden aurkako Europa ligako kanporaketa.

Sasoiko topaketarik distiratsuenetako baten atarian da Reala, eta nabari zaio hori Jon Guridi jokalariari(Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Erdilariaren esanetan, taldeak "garai onean" helduko dio Manchester Uniteden aurkako Europa ligako final-hamaseirenei: "Gure aukeretan sinesten dugu".

Espainiako ligan azken bi partidak irabazita, garai onean helduko al dio Realak gaurko neurketari?

Taldea ondo dagoela uste dut. Azken partidak irabaztea behar genuen, aspaldian emaitzak ez direlako oso aldekoak izan. Taldeak konfiantza handiagoa du orain. Europara hala helduko gara, eta ea kanporaketa txukun bat egiten dugun eta aurrera egin dezakegun.

Manchester United izango duzue arerio. Hitz handiak dira horiek, talde handia baita.

Bai, izen handiko taldea da, normalean Txapeldunen Ligan aritzen dena. Galtzeko gutxi dugula ariko gara; agian, presio gutxiago izango dugu. Uste dut taldea gai dela kanporaketa gainditzeko. Badakigu zaila izango dela, talde ona dutelako, baina guk ere ona dugu, eta horretan sinetsi behar dugu.

Manchester United bolada on batean izan da, orain asko ez dela. Nolako garaia da haien aurka jokatzeko?

Minutu asko pilatu dituzte azkenaldian, eta horrek mesede egin diezaguke. Gainera, gu ere bolada onean gaude.

Realak liga soilik izan du jokoan azken asteetan. Astean zehar atseden gehiago izateak on egin al dizue?

Bai, azken bi asteetan ez dugu jokatu astean zehar. Taldeak behar zuen hori, pixka bat: hilabete hauetan tratu handia jaso dugu, eta aldeko faktore bat izan daiteke. Fisikoki talde indartsua dugu, eta lana eman diezaiokegu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.