Eduki babestua

Neguko outleta egingo du Bertan merkatari elkarteak datozen hiru egunetan

Uztarria.eus 2021ko ots. 17a, 19:03

Sektore desberdinetako 36 saltokik parte hartuko dute bihar, ostiralean eta larunbatean egingo den egitasmoan. Denda bakoitzak bere establezimenduan eta ohiko ordutegian salduko ditu eskaintza bereziak.

Neguko Outleta egingo du Bertan merkatari elkarteak. Bihar hasi eta larunbatera bitartean egingo da egitasmoa, eta ezohiko stock azoka izango da hainbat arrazoigatik. Batetik, neguko produktuak eskainiko dituztelako. "Negu zaila izan da merkatariontzat, denboraldiko arropa asko dugu oraindik, eta stockari esker, neguko denboraldiari amaiera eman nahi diogu, udaberrikoarekin eta udakoarekin hasteko asmoz", agertu du Bertaneko kide den Esti Errazkinek.

Bestetik, osasun larrialdiak baldintzatutako egitasmoa izango da. Izan ere, saltoki bakoitzak bere establezimenduan jarriko ditu eskaintzak, eta eguraldi ona eginez gero, kanpora aterako dituzte produktuak. Ordutegiari dagokionez, berriz, denda bakoitzak bere ohiko ordutegia izango du.

Sektore desberdinetako 36 saltokik parte hartuko dute egitasmoan: Alzuaran, Aneitz, Arku, Babesa, Biur, Bossi, Frida, Geu, Koket, Luix Beltza, NKN, Ubbo, Zume eta Zuri Beltz arropa dendak, Azkue, Ilargi, Kotoi, Mina eta Romaes mertzeriak, Nerea eskulanak, Andere eta Valverde lurrindegiak, Disdira bitxitegiak, Edurne eta Furundarena oinetakoak, Esnaola etxetresnak, Aitzaki, Jostaldi, Larrañaga eta Mugi kirol dendak, Liho eta zura etxegintzak, Iosu eta Ostadar optikak, Moviltek telefoniak eta Arantxa eta Tilin Talan haur dendak.

"Horrelako outlet bat egiteak eta negutik soberan ditugun produktuak ateratzeak eragin txikia badu ere, laguntza da guretzat. Pandemia garaian zein konfinamendua eta herrien itxiera izan denean azpeitiarren babesa nabaria izan den arren, Internetek hor jarraitzen du. Horregatik, garrantzitsua da guretzat Neguko Outleta", azaldu du Bertan elkarteko kideak. Osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte saltokietan, eskuak garbitzeko gela izango dute edota arropak eta produktuak desinfektatu egingo dituzte adibidez, eta herritarrei dendetara joateko deia luzatu nahi diete: "Azpeitiarrak animatu nahi ditugu; eguraldi ona egingo du eta pagotxak aurkituko dituzte".