Koronabirusa Azpeitian

Atzoko probetan ere ez zuten kasu positiborik zenbatu Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 17a, 13:44

Eremu laranjatik horira pasatzeko zorian dago Azpeitia, intzidentzia tasa 308,80koa baita gaur gaurkoz.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azpeitian kasu positiborik ez dute atzeman hirugarren egunez jarraian; azken zazpi egunetan, gainera, guztira bederatzi kasu positibo baieztatu dituzte herrian. Era berean, intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du etenik gabe. 308,80koa da gaur-gaurkoz Azpeitiko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa, eta egoerak horrela jarraitzen badu, laster sartuko da herrian eremu horian.

Urola Kostan ere indarrean jarraitzen du beheranzko joerak, atzo zazpi kasu berri baino ez baitzituzten zenbatu eskualde osoan. Kosta aldean atzeman zituzten kasu gehienak, hain zuzen, hiru Zumaian, bi Zarautzen eta bat Orion. Dena den, hiru herrietan egin du behera intzidentzia tasak: gaur-gaurkoz, 424,01ekoa da Orion, 274,13koa Zarautzen eta 172,99koa Zumaian. Zenbateko horiekin bada aldaketarik kostako semaforoko argietan, beraz: Oriok eremu laranja izaten jarraitzen du eta eremu horia Zumaiak, baina eremu laranja atzean utzi eta horira igaro da Zarautz.

Azkoitian kasu positibo bat detektatu zuten atzokoan baina, azken zazpi egunetan, bi kasu baino ez dituzte zenbatu orotara. Une honetan 150,21ekoa da intzidentzia tasa eta, hortaz, semaforoko argi horiak piztuta jarraitzen du han.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez zen emaitza positiborik izan atzoko probetan. Hala ere, 308,8ko intzidentzia tasarekin, Azpeitia eremu laranjan sartuta dago oraindik.

600 kasutik behera

Atzo 13.463 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino 2.152 gehiago. Hala, emaitza positiboen kopurua ere herenegungoa baino altuagoa izan zen atzokoan: 512 kasu positibo baieztatu zituzten, eta atzo 559 –327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan, 60 Nafarroan, 56 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetako bizilagunen artean–.

Atzo %4,6koa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino puntu bat gutxiago. Nafarroan, aldiz, atzokoan erregistratu zuten positibotasun tasarik baxuena uztailaren 16tik: %2,3.